Aardman Animationen 'The Pirates!' filma estreinatuko du Animabasaurik

Jaialdia film laburren emanaldiarekin hasiko da, gaur, eta Afrika izango da aurtengo herrialde gonbidatua

Bilboko Alondegian, Ratonpolis film laburra emango dute, beste hainbat filmekin batera. BERRIA.
Ane Urrutikoetxea.
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da Animabasauri-Animabasque animazio zinemako nazioarteko jaialdia. Indartsu dator aurten jaialdia. Izan ere, 94 lan emango dituzte gaurtik hilaren 31 bitartean. Euskal Herritik zein atzerritik etorritako zortzi film luze, 35 labur eta Karratu saileko beste 51 lan emango dituzte. Afrika da aurtengo herrialde gonbidatua, eta nazioartean ezaguna ez den animazioa eskainiko dute. Horrekin batera, Aardman Animation Erresuma Batuko animazio estudioari atzera begirako saila eskainiko diote, estudioaren Pirates! film berriaren emanaldiarekin. Datorren asteartean ikusgai izango da The Pirates! Alondegian, estreinatzeko eguna baino bi egun lehenago. Animabasauriko zuzendari Maria Jesus Diezen esanetan, Euskal Herrian animazioko filmen horren eskaintza zabala duen jaialdi bakarra izatea lortu dute. Filmekin batera, jaialdiak beste hainbat kontu eskainiko ditu, hala nola animazio tailerrak, eskolak, erakusketak eta mahai inguruak.

1. Zortzi film lehian

Jaialdiaren sail ofizialeko lehiaketan, zortzi film luzek eta 24 film laburrek parte hartuko dute. Horrekin batera, Karratu sailean DVDn iritsitako 51 lan emango dituzte. Lehiatuko diren film luzeen artean bada euskal jatorria duen bat; Blakie And Kanuto (Francis Nielsen, Euskal Herria-Frantzia), hain zuzen ere. Gainontzeko filmak atzerrikoak dira, Europa iparraldekoak gehienak. Nielsenen filmarekin batera honako hauek lehiatuko dira: George And The Hedgehog (Wojtek Wawszczyk, Polonia), Lotte And The Moonstone Secret (Heiki Ernits, Estonia), Filmfarum 3 (Kristina Dufkova, Txekiar Errepublika), Ronal The Barbarian (Philip Einstein Lipski, Danimarka), The Great Bear (Esben Toft Jacobsen, Danimarka), Legends Of Valhalla. Thor (Oskar Jonasson, Islandia), Carthago Nova (Primitivo Perez, Espainia) eta El secreto del medallón de jade (Rodolfo Guzman, Mexiko).

2. Sariak

Film luze onenari 8.000 euro eta 557 euroko software saria emango dizkiote. Film laburren irabazleak 1.000 euro eta 263 euroko softwarea jasoko ditu, eta Karratu saileko irabazleak 600 euro eta 263 euroko softwarea jasoko ditu, EHUko ikasleen eskutik.

3. Afrikako filmak

Afrikari egindako omenaldiaren barruan, Michael J. Rix hegoafrikarraren Tengers film luzea emango dute, hainbat film laburrekin eta Moustapha Alassane animatzailearen Cineaste du possible dokumentalarekin batera. Diezek azaldu duenez, Afrika animazio filmen ekoizle txikia da, baina lan interesgarriak sortu ditu.

4. Atzera begirakoa

Aardam Animation estudioaren atzera begirakoa emango du jaialdiak. Lau Oscar sari irabazi ditu estudioak, Wallace & Gromit eta Chicken Run filmekin. Bi film horiek emango dituzte atzera begirakoan, ThePirates!-en estreinaldiarekin batera.

5. Gonbidatuak

Hain zuzen ere, Aardman Animation estudioko bi kide izango dira jaialdiko gonbidatu nagusiak: Andy Symanovski animaziozko irudien egilea eta Simon Jacobs estudioko argazki zuzendaria. Symanovski urte luzez aritu da estudioan lanean. Jacobs orain Tim Burtonen Frankenweenie animazio filmean ari da lanean. Haiekin izango dira Philip Einstein Lipski Danimarkako zuzendaria, Francis Nielsen Blakie & Kanuto filmaren zuzendaria, Jacub Tarkowsi film laburren egilea eta Patricia Ortiz animazio irudien egilea. Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria ere bertan izango da, Guggenheimen, zinema ekoizpenaren inguruko mahai ingurua zuzentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.