Abangoardiaren gogoetarako

Antzerki eta dantza garaikideko 21 talde ariko dira Bilbon BAD jaialdiaren aurtengo ekitaldian, urriaren 28tik azaroaren 6ra arteEstreinaldiak 12 izango dira, baina ia guztiak lehenengoz ikusiko dira Euskal Herrian

Arkadi Zaidesen Quiet lanaren irudi bat. Bielorrusian jaioa bada ere, Zaidesek gertutik ezagutu du israeldar eta palestinarren arteko gatazka. BAD JAIALDIA.
Bilbo
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Aurtengo ekitaldian 21 talderen lanak aurkeztuko ditu BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiak, urriaren 28tik azaroaren 6ra bitartean. «Bertoko eta kanpoko artisten estreinaldiak dira BADen ezaugarri», Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez. Izan ere, 21 emanaldi horietatik ia-ia guztiak lehen aldiz ikusiko dira Euskal Herrian, eta erabateko estreinaldiak hamabi izango dira. Dantza eta antzezlanak ez ezik, tailerrak eta hitzaldiak ere egingo dituzte; Bengoetxeak jakinarazi duenez, guztira 50 aktibitate inguruk ostuko dute aurtengo BADen 13. ekitaldiko egitaraua.

Egun horietan, Euskal Herriko eta nazioarteko antzerki eta dantza garaikideko konpainiak Bilbora etorriko dira, beraien lanik berrienak aurkezteko. Horien artean, Salia Ni Seydou konpainia afrikarraren Le tango du cheval dantza ikuskizuna nabarmendu du Alicia Otxandategi BAD 2011ko zuzendariak; Salia Sanou eta Seydou Boro dira lanaren sortzaileak. «Momentu honetan, Borok Le tango du cheval-i azken ukitua ematen ari zaio. Antzezlana zaldiengan dago inspiratuta, eta zortzi dantzarik eta zenbait musikarik zuzenean antzeztuko dute. Urrian egingo dute nazioarteko estreinaldia Bordelen; azaroan Bilbora helduko da, eta berton emanaldi bakarra egingo dute azaroaren 1ean, gero Espainiara joango dira beraien birarekin jarraitzeko».

Salia Ni Seydouren lanarekin batera, aipatzekoak dira Angels Margarit dantzari eta koreografo katalanak Miro hoteleko 83. logelan eskainiko duen Miro 83. Solo para habitación eta Arkadi Zaides koreografo bielorrusiarraren Quiet lana. Dantzari katalanari dagokionez, gehienez 12 pertsonek izango dute emanaldi bakoitza ikusteko aukera. «Angels Margaritek sei emanaldi emango ditu urriaren 29an eta 30ean, hainbat kontinentetan izandako egitasmo honen Euskadiko estreinaldira joateko sarrerak lor ditzaketen gutxi batzuentzat bakarrik», Otxandategik esan duenez. «Bakarrean ikusteko ikuskizuna da», izan ere: ikuslea hoteleko logela batean dago, bertoko apopiloaren intimitateari voyeur gisa begira.

Zaidesek, bestalde, palestinarren eta israeldarren arteko gatazka ekarriko du Fundicion aretora. «Lanean agertzen diren lau pertsonaiek erasoz, errukiz, nahasketaz eta nahiez betetako paisaia erakusten dute. Intentsitate horretan, gatazkako maila guztiak biltzeko lekua bilatzen da etengabe, leku lasai bat». Otxandategiren hitzetan, «lan gogorra da duen azalpen sozialagatik». Arkadi Zaides Israelen bizi da aspalditik, eta ondo ezagutzen du herri bien arteko gatazka.

Eskaintza zabalduz

La Merced ikastetxea, Alondegia, Campos antzokia, EHUko ekitaldi aretoa, 6. Pabiloia, Euskalduna Ontziolaren lurrak izandakoak, Vista Alegre zezen plaza eta Miro hotela izango dira, beste leku batzuen artean, artistentzako antzeztoki. Bengoetxeak azaldu duenez, ohiko agertokiei berriak batzekoren arrazoia «eskaintza zabaltzea eta publiko berria erakartzea izan da».

La Merced ikastetxean bost ikuskizun eskainiko dituzte, horien artean, Horman Poster talde bilbotarraren Pasado Perfecto emankizuna, ukitu erretro-futuristak dituen Olatz de Andres dantzariaren Privolva eta Tearto Teatroren Autoestigma. La Mercedetik at, Fundicion aretoan azpimarratzekoa da Marco Canale antzerkigile eta zuzendari argentinarraren La puta y el gigante lana. Ikuspegi kritikoz begiratzen dio Alvaro Uribe boterean egondako garaian Kolonbiak izandako garai politiko eta sozialari.

Besteak beste, Carla Fernandez, L'Alakran, Legaleon-T, Laida Azkona, Mike Brooks eta Rosa Casadoren lanek osatzen dute aurtengo kartela. Dantza eta antzerki lanak ez ezik, BADek hainbat tailer, hitzaldi, mintegi, solasaldi eta instalazio antolatu ditu. Bestalde, Itziar Barrio eta Juanjo Otero artistak arduratu dira aurtengo jaialdiko kartelaz. «Arte garaikidetik gertuago dago publizitatetik baino», Otxandategik azaldu duenez.

Gogoetarako hitzorduak

«BAD abangoardiako arte eszenikoen alorreko artisten, ekoizleen, sustatzaileen eta programatzaileen elkarren arteko gogoetarako eta eztabaidarako hitzordua ere bada», Otxandategiren ustez. Hori dela eta, topaketak, hitzaldiak, tailerrak eta liburuen aurkezpenak egingo dituzte, eta horietan, antzezleek, egileek eta ikerlariek hartuko dute parte. Hika Ateneoan egingo dituzte, Show Gelak deituriko saioetan. Horrez gain, Hitzorduak eszenarekin ekitaldietan, eszena garaikidearen inguruko gogoeta eta eztabaida egingo dute azaroaren 2an eta 3an EHUko ekitaldi aretoan. «Ikerketa akademikoaren eta sortzailearen artean dagoen ezinbesteko erlazioa landuko dute». Amalia Fernandez, Espe Lopez, Txubio Fernandez de Jauregi, Victoria Perez Royo eta Pablo Fidalgo izango dira, besteak beste, parte hartzaileen artean.

Ikuskizunek hamar euroko prezioa izango dute, txarteldegian erosiz gero, eta zortzi eurokoa aurretiko salmentan. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hezkuntza Sailaren Kultura 18 txartela dutenek doan ikusi ahal izango dituzte emanaldi guztiak, eta, aurrekoetan bezala, norberak hautatutako bost edo hamar ikuskizun merkeago ikusteko Kredibab bonuak eskuratzeko aukera izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.