Kimu semea Arri aitak egindako bidaia berregiten saiatzen da Peru Magdalenaren (Durango, 1980) Egia esan nobelan (Elkar), horretarako aitaren lagunek utzitako koadernoak baliatuta. Aitzakia horrekin, aitatasunari buruzko gogoeta egiteaz gain, bidea eta bidaia goresten dituen eta ardatz nagusi abentura duen eleberria osatu du Magdalenak, Lile narrazio liburuaren (Elkar, 2006) egileak. Poesia eta haur literatura ere argitaratu izan ditu aurretik Magdalenak. Egia esan du bere aurreneko eleberria.
Arri, nobelako aita, artista da, ganorabakoa eta bizizalea, eta haren bidaian agertzen diren askotariko elementuen bidez aitatasunari ez ezik beste hainbat gairen inguruko hausnarketarako ere bidea eskaintzen du Egia esan nobelak; filosofiarekin, erlijioarekin nahiz artearekin zerikusia duten gaien ingurukoak batik bat.
Era askotako testuak harilkatzen ditu Magdalenaren eleberriak –kantak, poemak, lekukotsunak…–, egitura aske eta ireki baten barruan batuak denak.