Abesbatza lehiaketa bihar hasiko da Tolosan, diru gutxiagorekin

Haur abesbatza lehiaketaren gastuei ezin izan diete aurre egin, eta bertan behera geratu da 44. aldian

Tolosa
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Tolosako Abesbatzen 44. Lehiaketa gaur hastekoa bazen ere, finantzaketa arazoak direla eta, bihar ekingo diote programazioari, eta datorren igandera arte izango da ekitaldi sorta bat. Aurtengoan goi mailako hamabi abesbatzak hartuko dute parte lehiaketan, bederatzi herrialdetatik etorriak.

Kultur arloko ekitaldi gehientsuenetan bezala, krisialdi ekonomikoa dela eta, aurrekontuetan murrizketa larria izan dute Tolosako Abesbatza Lehiaketaren antolatzaileek. Izan ere, azken hiru urteetan 200.000 euro murriztu dizkiete laguntzak. Aurrekontuak ezin dio aurre egin programatu nahiko lituzketen jarduera guztien gastuei, kopurua duela hiru urteko aurrekontua baino %33 apalagoa delako. Saio kopuruari eustea lortu dute, halere, Luis Miguel Espinosa zuzendari artistikoak azaldu duenez, «baina ez da berdin kostatzen 50 lagunez osatutako korua edo laukote bat ekartzea».

Aurrekontu horrekin, antolatzaileek haur abesbatzen lehiaketa bertan behera utzi behar izan dute. Espinosak 26 urte daramatza antolakuntza lanetan, eta ondo ezagutzen du lehiaketaren ibilbidea.«Adibide bat ematearren, Madrilgo Kultura Ministeriotik zekarkiguten laguntza ezerezean geratu da aurtengoan. Erabaki gogorrak hartu behar izan ditugu. Europa osoko haur abesbatzen lehiaketarik garrantzitsuena antolatzen genuen, eta aurtengoan ez da posible».

Haur abesbatzen txapelketak utzitako hutsunea ekarritako beste koruen kalitatearekin bete nahi izan dutela nabarmendu du Espinosak. Izan ere, «ezin dugunez nahiko genukeen sariketa gauzatu, kalitatearen aldeko apustua egin dugu. Etorriko diren talde guztiak goi mailakoak dira».

Euskal abesbatzarik ez da izango aurten. Joan den urtean, Landarbaso eta Kup Taldea izan ziren. «Gipuzkoako bi koru aurkeztu genituen hor. Euskal Herrian, herri txikia izaki, maila oneko abesbatzak badaude, baina gutxi». Gainera, etxean aritzea «askoz gogorragoa» egiten zaie, «presio handiagoa esan nahi baitu etxean abesteak».

Venezuela eta Esloveniak kale

Hasierako programazioan Venezuela eta Esloveniako abesbatza bana etortzekoak baziren ere, kale egingo dute, hainbat arrazoi direla medio. «Esloveniarren sopranoa eztarriko gaitz batek jota dago, eta ezingo dute parte hartu. Venezuelarrek, berriz, hasieran hegazkin txartel batzuk ziurtatuta zituztela uste zuten, baina azken momentuan haien parte hartzea bertan behera utzi behar izan dute, gastuei aurre egin ezin izan dietelako».

Haien hutsunea nabarmena izango da programaren barruan, baina, bi talde horiek ez zirela etorriko jakin bezain pronto, Voces Cantabiles abesbatza britaniarrarekin jarri dira harremanetan, eta hainbat emanaldi eskainiko ditu. Lehiaketan parte hartuko ez badu ere, aski ezaguna da taldea. «Jadanik lehiaketa zirkuituen gainetik daude, ibilbide profesional oso osatua daukate eta», azaldu du Espinosak. Tolosan duela urte batzuk hartu zuten parte, baita urrezko domina irabazi ere, musika sakroan zein profanoan. Bihararratsaldeko saioa hankamotz geratzen zela dio Espinosak, faltako diren bi koruen parte hartzea aurreikusi baitzuten, eta Voces Cantabilesek beteko du haien lekua.

Aipatzekoa da Javier Busto hondarribiarrak berriz ere epaimahaian parte hartuko duela, hainbat urtetan ardura hori bete ez badu ere. Haren konposizioak eta zuzendari lanak mundu osoan dira ezagunak, eta Asian arrakasta handia lortu du. Brady Alred, Lorenzo Donati, Naomi Faran, Robert Sund arituko dira epaile lanetan Bustorekin batera. Faran da epaimahaiko andrazko bakarra. Espinosak oso andrazko gutxi direla koru zuzendariak dio, «hamarretik edo hogeitik bakar bat, agian». Joera aldatzen ari dela uste du, baina oraindik asko falta dela Kubak eta haren antzeko beste herrialde batzuek daukaten andrazko zuzendari kopurura hurreratzeko.

Emanaldietarako sarrerak 12 eurotan izango dira salgai saio bakoitzerako, eta 55 eurotan jarri dituzte eskuragarri emanaldi guztietara joan nahi duenarentzakoabonamenduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.