Kantu berrien eta abeslari gazte eta hasiberrien ataria izango da aurten Euskal Herriko Kantu Txapelketa. Datorren asteko igandean egingo dute finala, Donostiako Antzoki Zaharrean, 18:00etan. Euskal Kantuzaleen Elkarteak lau urtean behin antolatzen du txapelketa, eta aurten abesti berrien inoizko kopuru handiena bildu dutela adierazi du Juan Luis Aranburuk, elkarteko koordinatzaileak. Guztira 26 abesti lehiatuko dira, horietatik 13 abeslariek sortutakoak. Euskal Herriko lurralde guztietako bakarlari, bikote eta taldeak taularatuko dira finalean.
Herrialde bakoitzetik lau inguru ordezkari sailkatu dira finalerako. Arabatik bi bakarlari eta bikote eta talde bana lehiatuko dira. Bizkaitik bi bikote izango dira, eta bakarlari eta talde bana. Gipuzkoatik bi bakarlari arituko dira, bikote eta talde banarekin batera. Nafarroatik, sail bakoitzetik bana izango dira. Iparraldean hainbat zailtasun izan dituzte txapelketa antolatzeko, eta bertako irratiak borondatezko lanetan aritu dira, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako abeslariak biltzeko, baina sail guztietarako abeslariak lortu dituzte.
Entzundako kantu berriekin pozik daude txapelketako antolatzaileak. Maite Idirin abeslari eta txapelketaren koordinatzailearen esanetan, euskal kantagintzak aurrera egiteko biderik onena dira: «Txapelketaren helburu nagusia euskaraz abesten duten kantari eta taldeei laguntza eskaintzea da, baina baita euskal kantuen harrobia osatzea ere. Kantari hasiberrien erakusleiho izan nahi dugu».
Bakarlari, bikote eta talde onenak saritzeaz gain, aurten kantu onena ere saritu nahi dute txapelketako antolatzaileek, eta horretarako, Kantu baten bila izeneko saria gehitu dute. Aranbururen esanetan, «zailtasun bereziren bat» duen abestia saritu nahi dute.
Eñaut Larralde gogoan
Horrez gain, txapelketaren eta kantuzaleen elkartearen bultzatzaile eta abeslari Eñaut Larralderi (Izura, 1935-2012) omenaldia egingo diote. Juanjo Zelaia eta Maite Idirin abeslariek hunkituta gogoratu dute Larralde laguna, eta txapelketaren egunean Eñaut Etxamendirekin batera abestuko diotela adierazi dute.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.kantuzale.net
Abesti berriak eta abeslari gazteak izango dira nagusi Kantu Txapelketan
Donostian izango da txapelketako finala, eta Eñaut Larralde abeslariari omenaldia egingo diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu