ZINEMA. ESTREINALDIAK

Abestiak eta iraganeko hotsak

Amodioak uzten duen arrastoa da Jonas Truebaren 'Todas las canciones hablan de mí' filmaren gai nagusia

Gontzal Agote.
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Abizenaren zama jasangaitza du gainean Jonasek. Konparazioak aguantatu beharko ditu gaur eta bihar. Hala ere, ziur aski dagoen tokira ailegatzen lagunduko zion Trueba abizena izateak, Fernandoren semea izateak, Daviden iloba izateak. Aita-semeak dagoeneko badakite zer den elkarrekin lan egitea; bien artean El baile de la Victoria pelikula kaskartxoaren gidoia idatzi zuten.

Orain bere bideari ekin dio Jonas Truebak, komedia erromantiko batekin. Gaztea da zuzendaria, 30 urte ditu, eta hori sumatzen da Todas las canciones hablan de mí lanean, nolabait bere belaunaldiko erretratua egin nahi izan duelako. Galduta dauden gazte askok bizi duten zoriontasunik eza da Truebak landu nahi izan duen gaietako bat.

Horretarako, Ramiro eta Andrearen istorioa kontatu du. Hainbat urtez bikotekide izan dira, baina arrazoi garbirik izan gabe, sei urte dira harremana etetea erabaki zutela. Hala ere, ongi moldatzen dira; are gehiago, bien artekoak berezi izaten segitzen du, maitasuna ez da horren erraz desagerrarazten ahal den sentimendua. Behin eta berriz, elkarrekin bizi zituzten momentu gozoak izanen dituzte gogoan, bereziki hainbat abesti entzuten dituztenean.

Izenburuak argi uzten duenez, musikak rol garrantzitsua du Todas las canciones hablan de mí pelikulan. Konpartitutako abestiak dira, zuzendariak mimoz aukeratu dituenak. Hor dira, esate baterako, Franco Battiato italiarraren La estación de los amores, Nacho Vegas asturiarraren Crujidos eta Aroah abeslariaren Canción para follar.

Pelikula iragan hilabetean aurkeztu zuten Gijoneko zinema jaialdian. Protagonista lanetan bi aktore interesgarri, Oriol Vila eta Los condenados-etik desagertu samar zegoen Barbara Lennie, beharbada Pedro Almodovarren film berria, La piel que habito, prestatzen ari zelako.

'TODAS LAS CANCIONES HABLAN DE MÍ'

Zuzendaria: Jonas Trueba.

Aktoreak: Eloy Azorin, Barbara Lennie, Miriam Giovanelli, Valeria Alonso, Isabelle Stoffel, Oriol Vila.

Herrialdea: Espainia.

Urtea: 2010.

Iraupena: 107 minutu.

Estreinaldia: Etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.