Bertsolari Txapelketa Nagusia

Abiapuntua eta heldulekua

Bertsoaldiaren abiapuntua izaten dute bertsolariek gaia. Abiapuntu beretik abiatzen dira, batzuetan; aurkakoetatik, beste batzuetan; eta abiapuntu banatatik ere bai. Irekiegia eta estuegia. Bideoa: gai-jartzaileak (Beñat Zamalloa, BerriaTB). [YouTube]http://youtu.be/V0VXSXGClOM[/YouTube]

2013ko urriaren 12a
09:58
Entzun

Ezin aurrez ziur jakin. “Askotan gertatzen da pentsatzea gai txar bat dela, eta, gero, askotan ideia onenak etortzen zaizkizu”, kontatu du esperientzia Iban Urdangarinek. Gaur arituko da estreinakoz Bertsolari Txapelketa Nagusian: Hendaiako kanporaketan kantatuko du. Bertsolariei bakarrik ez, gai-jartzaileei ere gertatu izan zaie usteak ustel ateratzea. “Harritu egin zaitezke egun batean hain-hain konbentzituta edo taldean hainbesteko arrakasta eduki ez duen gai bat ipinita”, Maite Berriozabalen esperientzian. “Askotan gertatzen dena da bertsolari batentzat zaila den gaia beste batentzat ez izatea”, osatu du Saroi Jauregi kideak albotik.

Bertsolariaren jarrerak badu eraginik gaiak eman lezakeenean, Erika Lagomaren ustez: “Aulkitik edozer entzuteko prest jaikitzen bazara, aterabidea errazago topatzen da, beti ere, baina joaten bazara ea zer gai tokatzen zaizun, entzuten duzun lehenengo hitza ez bazaizu gustatzen eta muturra okertzen baduzu, horretatik lan egitea oso zaila da”.

Faseka prestatzen dituzte gaiak, eta egokitzen diren astean berraztertzen dituzte asteburuko saioaren aurretik. Orekaren bila jarduten dira. “Oreka bilatu behar dugu saioan zehar, saio osoak ere oreka bat eduki behar du, eta ez saio batek bakarrik, faseko saio guztiek ere bai”, azaldu du Jauregik. Faseko gaiak elkarren parean jartzen dituzte, eta itxura antzekoa hartzen badiete egiten dute aurrera.

Gaien izaeran gizarteak ez ezik, gai-jartzaile taldea osatzen dutenek ere eragina dute, Alaitz Rekondoren arabera. “Azkenean diferentea da taldea osatzen dugunak ere zer garen edo zertan parte hartzen dugun. Ekartzen ditugun gaiak ere anitzetan izaten dira gure ingurukoak”, argitu du.

Bikoteen ahotik ala askotariko senidetzan jarri izan dituzte bertsolariak gehien gai-jartzaileek. “Denok badugu kuadrilla edo baditugu aita-ama, baditugu anai-arrebak, baditugu lankideak… Normala da hori dena gaietan ateratzea”, logikotzat jo du Rekondok. Berriozabalek beste arrazoi bat ere topatu dio, eta adibidearekin jantzi du: “Bikote batean, berez, segun egoera zein den, egoera erraza izan liteke bietan defendatzea papera edo gauza berriak esatea, baina ez dakit, imajinatzen dut, kartzelero eta preso baten arteko elkarrizketa bat egoeraren arabera...”. Desorekatua dela esanez lagundu dio Jauregik. “Oso originala litzateke, oso sorpresan harrapatzea bertsolaria, baina ea zer esaten dizun kartzelazainare roletik kantatu behar duenak...”, bukatu du argudiatzea Berriozabalek.

Gai originalak, batez ere bertsolariak sorpresan harrapa ditzatekeenak, saihestea komeni delakoan da Jauregi. Txapelketa dela gogoratu du Berriozabalek, eta jokatzen dena ez dela ondo ala txarto irtetea: “Hor pertsona batzuek behar pilo bat egin dute, eta guk horren erantzukizuna eduki behar dugu; tokatzen zaigu”.

Irekia, baina estua

“Bakarka irekiago jartzen ditugu normalean sei bertsolari dauzkagulako kantatzen; gai estua jarriz gero, publikoarentzat sei istorio antzeko entzuteko arriskua dagoelako”. Hori saihestu nahi dute gai-jartzaileek kartzelan, Jauregiren hitzetan. Saihesten saiatuta ere, ez dute bermatzen bertsolariek norabide beretik joko ez dutenik. Lehen kanporaketan genero indarkeriaren gaia hartu zuten lau bertsolarik, eta, bigarrenean, kartzela ala zaharren egoitzan kokatu zuten salbuespen bakarrarekin. “Gero askotan ipintzen duzun gaia ipintzen duzula, lehengoan ere gertatu zen Markina-Xemeingo saioan, lehenengo hirurek norabide berean hartu zuten”, jarri du adibidea Berriozabalek. Urdangarinen irudiko badira gai batzuk beti errepikatzen direnak eta jendearengana “oso erraz” iristen direnak. Gai irekia izateak badu zailtasunik berarentzat: “Oso argi eduki behar duzu zein gairi kantatu nahi diozun, eta segundo batean pentsatu behar duzu”.

“Oso umoreko” bertsolaria da Urdangarin, baina “oso-oso zaila” zaio umorea kartzelan. “Badago aukera, baina oso zaila da. Oso zaila da bertsotan umore ona egitea. Jendearekin komunikatu behar zara, jendearengana ailegatu, eta bertso triste batzuekin edo gai triste batekin errazago ailegatzen da jendearengana. Umore ona egiten baldin baduzu ailegatzen zara, baina umore ona egitea oso zaila da”, garatu du.

Arriskua ere ikusten diote bai bertsolariek eta bai gai-jartzaileek ere kartzelako gai irekiei. “Gai irekiekin preparatuta eramandako bertso batzuk ere sar ditzakezu”, ikusten dio arriskua, gai irekiekin “oso-oso gaizki” moldatzen den Urdangarinek. Hargatik, pixka-pixka bat “estuxeagoak” jarriko lituzke kartzelako gaiak. Etxeko bertso sorta kantatzeko aukera ematen ez duten gaiak jartzen ahalegintzen dira, helduleku bat edo zerbait derrigor aipatu beharrekoa dutenak, Berriozabalek eta Jauregik diotenez. Baina arrisku hori lehendik badago Jauregirentzat: “Hori pasa liteke gai estu bat jarrita ere: bertsolariak bertso-eskolan bakarka entrenatzen ari dira gai mordo batekin, eta guk gaiak gizartetik, errealitatetik eta gure ingurutik sortzen ditugu. Gai estu-estua jar dezakezu, eta gerta liteke bertsolari horrek aste horretan bertso eskolan gai horri berari kantatu izana”. Erantzunik ekarri ez duten galderak sortu zaizkio segidan: “Gainera, zer da etxetik ekarritako bertsoa kantatzea? Zenbat bukaera eta zenbat hitz-joko ez dira lehendik landutakoak?”.

Gai-jartzaileek aipatutakoarekin bat datoz Lagomarentzako gai egokiak izan daitezkeenak: “Bidea libre uzten dizkizuten gaiak. Helduleku bat ematen dizutenak, baina zer errana ematen dizutenak. Norbere bizitzatik hurbilen daudenak, helduleku anitz dituzunak. Fikzioa baldin badira ere, marraztu ditzakezun rolak, ez oso arrotzak izatea”. Urdangarinek, ostera, gaia entzun ahala jakiten du gai bat egokia duen ala ez: “Gaia entzun eta orduantxe etortzen bazait ideia segida bat. Hiru bertsoko edo lau bertsoko saioa bada, lau ideia etorri behar zaizkizu istant horretan. Ideiei tiraka hasten baldin bazara, asunto txarra”.

Nor beretik ala nahi duenetik

Azken txapelketatan hasitako bideari jarraituz, bertsolari bakoitzari dagokion sexuan ematen diete gaiak. “Pixkanaka-pixkanaka sartu dugu, eta saiatu gara aurretik ere emakume eta gizon bereizketa horretan bertsolarien sexuarekin bat zetorrena planteatzen: 'anai-arrebak zarete', 'ahizpak zarete' edo 'anaiak zarete'. Horrelako aukerak bertsolariekin bat datorrena jarri, nola eta ez dion gaiari zerbait ekartzen”, erantzun du Jauregik. Gai-jartzaileak aukera guztiak izaten ditu irakurri beharreko gaian unean moldatuta eman dezan. Bidea jarraitu dute bikoteen roletan ere: “Garai batean andre-gizonak ziren; gaur egunean, ez baldin bada behar markatzea, bikotea esaten dugu, eta bertsolariek erabakiko dute andra-gizonak diren, bi emakumezko diren, bi gizonezko diren…”.

Gai-jartzaileek gaiak jartzeaz gainera, txapelketako saioak aurkezten dituzte. “Ongi” prestatu beharreko lana da. “Aurkezlea azkenean da bai jendearekin, bai entzulearekin bidea dena. Bertsolariek zugan dute konfiantza guztia. Kontrola eraman behar duzu. Gauza anitz daude hor azpian kontrolatu behar dituzunak, ongi egin behar dituzunak, ez direnak ikusten, baina baten batek huts egiten badu, agian, ikusten direnak”, azaldu du Rekondok. Aurkezleak tenplea izatea eskertzen du Lagomak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.