Abiatze-pista ezerezera

'261141 Izarrak alde' liburua argitaratu du Oteiza Fundazioak Donostian haren hilerri proiektua azalduz

Jon Fernandez.
Donostia
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Ametzagaina muinoaren gainean aireportuetako abiatze-pista itxurako hilerri bat egongo litzateke gaur 1985ean Donostiako Udalak Jorge Oteizaren proiektua onartu izan balu. Ez zen horrela gertatu. Aitzitik, proiektua ez zuten lehiaketarako ere onartu, eta azkenean ez zen hilerri berririk eraiki Gipuzkoako hiriburuan. Hala ere, proiektu horrek giltza sinboliko asko dauzka eskulturaren eta hiriaren, monumentaltasunaren eta oroimenaren arteko harremanari buruz: funtsezko giltzak Oteizaren pentsamendu metafisikoa ulertzeko. Oteiza Fundazioa Museoak atzo aurkeztu zuen Donostian, Kutxaren babesarekin, gako guzti horiek biltzen dituen 261141 Izarrak alde liburua.

Ana Arnaiz, Jabier Elorriaga, Xabier Laka eta Jabier Morenok landu dute Oteiza Museoaren Koadernoak bildumaren zazpigarren zenbakia. Euskal Herriko Unibertsitateko Eskultura saileko irakasleak dira laurak. Arkitektura proiektuaz dauden bertsio ezberdinen ikerketa biltzen du liburuak, eta baita orain artean argitaratu ez diren argazki eta agiriak ere. Gainera, lehiaketatik baztertu ostean Oteizak haserrez idatzitako bi testu ere argitaratu ditu: Oteizaren erreklamazio larria, hiritarrei abisua ematekoa eta Ehorzleen moduko politika Ametzagainan. «Ametzagainako hilerri hau izan da eskultore bezala nire herrialdea zerbitzatzeko azkeneko aukera. Hiriaren mutur batean, zeruari begira, hortxe edukiko zenuketen hileta eta bizitza monumentu hau, besarkada baten moduan barne hartuz gure hiri osoa definituko lukeena, baina ez duzue horrelakorik nahi izan», zioen Oteizak berak.

Lehiaketara aurkezterakoan maketaren argazkiak erabiltzeagatik bota zuten atzera proiektua. Udalak maketak erabiltzea debekatu zuen lehiaketarako oinarrietan. «Kulturalki pipiak jota dagoen hiri atzeratu honetan pipiak jotako armairuren batetik aterako zituzten oinarriak seguruenik», kexatu zen eskultorea. Proiektu bat maketaren bidez egiten zen nabarmen eta jartzen zen agerian edonorentzat bere ustez, eta maketak erabili zituen. Nolanahi ere, parte hartu zuten hamabost proiektuetako bakar bat ere ez zen gauzatu azkenean.

Euskal hilerriren bila

Juan Daniel Fullaondo, Marta Maiz, Enrique Herrada eta Maria Jesus Muñoz arkitektoekin batera egin zuen lan Oteizak Donostiarako hilerriaren proiektuan. Eskultura arkitekturan txertatu zuen, eta 261141 Izarrak alde izena jarri zioten taldekideek arrazoi intimoengatik. Hala ere, Liburuaren egileek ez dute goiburuaren zergatia argitu.

«Aspalditik genbiltzan Oteizaren arlo publikoko lanak aztertzen. Bereziki arduratzen gaituzte arkitektoekin egin zituen lanak, bakar bat ere ez baitzuen gauzatu», dio Jabier Elorriagak. Proiektuak paperean geratu arren, ordea, sekulako irakaspena direlakoan daude liburuaren egileak, bereziki, 261141 Izarrak alde egitasmoa. «Gaur egun, eremu publikoan dagoen artea zentzu sinbolikoa galtzen ari da, eta hilerri honek hain zuzen kontrakoari eusten dio, norbanakoarengana iristen den funtsa du. Hilen eta bizien munduak kontaktuan jartzen ditu», Elorriagaren arabera. «Paisaia bakar batean bi denbora edo bi une sintetizatu nahi ditu hilerriak: mitoan errotutako denbora, batetik, eta bere orainaren forma kulturalari erantzun behar liokeen denbora, bestetik».

Hilerri euskalduna berriz asmatu nahia dago Oteizaren ahaleginaren atzean. «80ko hamarkadan, garai post-modernoan, krisi kulturala bizi zen. Konturatu zen hiltzearen tanszendentziak ez zeukala irudikapenik eta beste bizitza batenganako sinesmena ere agortuta zegoela. Hortaz, heriotza sinbolikoki artelan batean harrapatu nahi izan zuen», dio Ana Arnaizek. Eskola suprematistari jarraituz itxuratu zuen hilerria, prisma zuzen handi baten gisa, Ametzagaina muinoaren gainean esekirik. «Muinoaren gailurra itsas gainean zerura irekitako abiatze-pista moduan geratuko da, albo bietara aireportu bateko seinaleak dituela, Urgulleko muinoa ezkerretara eta Uliakoa eskuinetara», eskultorearen hitzetan. Hilerria «zeruaren ezerezerako itzulera» bilakatu nahi zuen.

Ezin ulertua

80ko hamarkadan ez zuten Orioko eskultorearen lana ulertu. «Modernotasunari modernotasunetik egin zion aurre, baina haren arauak bete gabe. Aita hil nahi zuen post-modernotasuna zen berea. Eta epileptikoki erantzun zuten proiektuaren kontra, apustu lotsagabea zelako», dio Xabier Lakak. Ezezkoa jaso zuenean ia 80 urte zituen Oteizak, eta gauzatu gabeko proiektu arkitektoniko ugari bidean. Hala ere, hilerriarena ez zuen izan azken porrota. Bilboko Alhondigan jaso zuen azken kolpea.

Eraikita ez dagoelako da ezinbestekoa proiektu hau aztertzea Arnaizen arabera: «Paradigma kulturalaren aldaketa garaian bizi gara, eta agian hauxe dugu sinbolikotasun, monumentaltasun eta tamaina honetako obrak ulertu ahal izateko azken momentu kulturala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.