Festetako egun nagusia izan arren, ehunka lagun goizeko zortzietatik ibili dira lanean Donostiako kaian, arratsaldeko abordatzean parte hartzeko baltsak prestatzen. Lanean arituagatik, txantxa eta alaitasun giroa izan da nagusi egun guztian, eta arratsaldeko bostetan lehertu da festa, "abordatzera!" aldarriarekin batera bost mila pirata inguru euren izerdiz egindako ontziekin itsasoratu direnean. Kontxara iristea da helburua, baina uretan jarri aurretik inor gutxik jakiten du baltsa azalean ibiltzeko gai den. Lehendabiziko piratak seiak laurden gutxi inguruan iritsi dira Kontxara, baina artean, asko ziren oraindik itsasoratzeko zain zeudenak kaian.
Beraz, piratek egun handia dute gaurkoa, baina gainerakoentzat ere aukera handiak eskaintzen ditu Aste Nagusiak: kirol lehiaketak, bertso saioak, eta musika, dantza eta antzerki emanaldi mordoa daude antolatuta hiri guztian, bakoitzak bere tamaina eta gustuko zerbait topatzeko modua izan dezan.