«Adostasun guneak bilatu behar dira; museoarentzat onena nahi dugu guztiok»

Negoziazioek fruituak ematea eta museoa udaberrian atzera zabaltzea espero dute erakunde publikoek

Ainhoa Sarasola.
Hernani
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Egun tristea izango da gaurkoa Luis Txillidarentzat, eta museora ez joatea erabaki du. Halere, orain ateak ixtea «museoaren etorkizunerako beharrezkoa» dela argi du zentroko arduradunak. «Kontua ez da adabakiak jartzea; gure kezka etorkizunari begirakoa da».

Instituzioekin hizketan aspalditik ari direla eta horretan jarraituko dutela dio. «Negoziazio hitza ez dut batere gustuko, horretan pentsatzean bakoitza alde batera tiraka ari dela dirudielako. Kontua ez da hori, baizik eta helburu bera lortzeko indarrak batzea». Helburu horretara iristeko bideetan bilatu behar dira akordioak, Txillidaren ustez. «Adostasun guneak bilatu behar dira, azken finean guztiok gauza bera nahi dugu: museoarentzat hoberena».

Adostasun gune horiek bilatzeko «lasaitasunez» lan egin behar dela, eta elkarrizketen eduki zehatzei buruz hitz egitea ez dela komeni uste du. «Horri buruz hitz egiteak ez du laguntzen, konfrontazioak sortzen dituelako, eta adostasuna da lortu beharrekoak». Halere, txillidatarrak malgutasunez aritzeko prest daudela esan du, «ez soilik museoak aurrera jarraitzeko, hobera joateko ere bai».

Museoa dena da, eta hori oinarri hartuta, «denen adostasunarekin» gauza gehiago egin daitezkeela dio, baina hasierako filosofiari eutsita. «Museoan zerbait egiten dugun bakoitzean gora begiratzen dut, eta aitari gustatuko litzaiokeen pentsatzen dut. Museoa etorkizunean kudeatuko duenak gauza bera pentsatzea nahiko nuke. Horiek ez dira marra gorriak edo desadostasun puntuak, artista-museo baten filosofia baizik, eta aitak hura sortzeko bere bizitzako 20 urte eman zituen». Artistak pentsatu bezalakoa izatea, horixe da haren semearentzat museoaren balio nagusia eta etorkizunean gorde beharrekoa.

Denak diskrezioaren alde

Museoa berriro irekitzeko epe moduan udaberria aipatu zuen Odon Elorza Donostiako alkateak, baina Txillidak ez zuen halakorik baieztatu. «Ez dakit zergatik aipatu den hori. Nahi nuke hala izatea, baina hainbeste denbora hizketan aritu ostean hiru hilabeteko epea jartzea...», zioen, zuhur. Ordea, erakunde publikoen asmoa horixe dela berretsi zuen atzo Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok. «Helburu hori markatu du Diputazioak».

Egunik iragartzera ausartu ez bazen ere, nahi bera agertu zuen Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuak ere. Akordioa lortuko dutela ziur dagoela eta «edozein esku-hartze Txillidaren espirituari lotuta» egongo dela adierazi zuen. Horretarako «pazientzia eta diskrezioa» eskatu zuen sailburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.