Adrian Ruiz de Hierrok gauean egindako argazkiak bildu ditu Gasteizen

Manuel Paramoren eta Ixiar Artetxeren lanekin osatu dute erakusketa, Arte eta Lanbideetako Eskolan

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Gauean ateratako argazkiek osatzen dute Darkness, Adrian Ruiz de Hierro argazkilariaren erakusketa. Hilabeteetan Arabako txokoetan ibili da Ruiz de Hierro, gauak eragiten dituen sentipenak bilatu nahian. Bilaketa horren emaitza zortzi argazkik eta bideo batek osatzen dute, eta Gasteizko Arte eta Lanbideetako Eskolan daude ikusgai. Argazki erakusketarekin batera, Manuel Paramo eskultoreak eta Ixiar Artetxe grabatze lanetan eta kalkografian espezializatuak ere beren lanak jarri dituzte eskolan. Otsailaren 24a arte izango da erakusketa ikusteko aukera.

Ruiz de Hierroren lanek ez dute izenbururik, norberak libre senti ditzan. Argazkilariaren esanetan, Darkness erakusketak gauean sentitutako bizipenak biltzen ditu: «Gauean kale hutsetatik ibilita sentitzen nuena agertzen du nire lanak. Subkontziente sakonenak egindako bidaia da, sentitzeko beharrak bultzatuta».

Gauak eroso sentiarazi du argazkilaria, baina beldurra ere eragin dio. «Pentsatzeko beharrik gabe, inguru ilunak eragiten zizkidan sentsazioei jarraitu diet». Ruiz de Hierro lasai sentitu da lan hau egitean. «Inork ez dizu lana eragozten; ez dago telefono deirik, ez eta deseroso sentiarazten zaituen begiradarik ere. Egunean egiten dudan lanaren oso bestelakoak dira sentipenak. Beldurra ere sentitu dut batzuetan, gauak badu-eta alde ilun hori».

Hasi berrien erakusketa

Ruiz de Hierrorekin batera izango dira Paramoren eta Artetxeren lanak. Paramok giza gorputza aztertzen duten hamabi eskultura bildu ditu Etapas izeneko erakusketan, eta egurra, erretxina eta kartoia erabili ditu, besteak beste.

Bestalde, Artetxek 27 irarlan bildu ditu Mirar una estampa izeneko erakusketan. Ur-bortitzaren eta metalaren aztarnak ikusleei erakustea da haren asmoa: «Jendeak aurkakoa uste duen arren, irarlanekin lan egitea oso sormen handiko lana da. Koloreak ere landu daitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.