AEBetako opera modernoa

2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Egilea: Carlisle Floyd. Ekoizpena: Lyric Opera of Chicago, Houston Gran Opera. Musika zuzendaria: John Mauceri. Eszena zuzendaria: Robert Falls. Abeslariak: Latonia Moore, Stuart Skelton, James Morris, Cosmin Ifrim. Musikariak: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Lekua: Euskalduna jauregia (Bilbo). Eguna: urriak 16.

Jesus Mari Begoña

Atsegin handiz ikusi dugu OLBEren eskutik etorri zaigun Carlisle Floyd-en Susannah drama musikala. Harritu egin gaitu haren modernitateak, aurrerakoitasunak eta hango publikoari hurbiltzeko eginiko ahaleginak. Izan ere, ez dugu ahaztu behar McCarthyren garaian sortu zela eta haren sorgin ehizaren aurkako lana dela. Hego Karolina estatu kontserbadorean sortu zen, gainera.

Beraz, 50eko hamarkadan Floydek asmatu zituen libreto poetikoa eta musika berezko opera estatubatuarraren pizkundean kokatu behar da. Hau da, Itun Zaharreko Susana eta agure lizunak deritzon pasadizoan oinarritu zen hango intolerantzia soziala, fanatismo erlijiosoa eta emakumeen kontrako jazarpena salatzeko. Eta, beste aldetik, musika eklektikoa da: nabariak dira Erromantizismo osteko eraginak, jazza, Apalatxetako musika folklorikoa, zinema edo komedia musikalaren moduak eta hizkera herrikoiera eginiko hurbilketa.

Eszenatoki 'verista'

Bada, arriskurik jasan gabe, estatubatuarrak izan dira bertan parte hartu duten gehienak. Esaterako, Robert Falls eszena zuzendariak gurpildun etxea eta eliza erabili zituen harantz-honantz eszenatoki verista lortzeko, diskurtsoak eskatzen zituen erraztasuna eta freskotasun popularra emateko. Aipagarria da abesbatzak eta predikariak elizan lortu zuten aitorpen orgiastikoa. Berriz, John Mauceri musika zuzendariak arintasuna, melodismoa etadrama igurtzi zion musikari Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren primerako joaldiarekin -orkestra bera izan zen protagonista bat-.

Haren aginduetara ere, Latonia Moore soprano beltzak -Susannah-ren jazarpena areagotzeko, agian- zoragarriabestu zituen operaren barrena dauden abestiak bere ahots gozo eta moldakorrarekin. Gustatu zitzaidan Stuart Skelton heldentenorrak atera zuen ahots polita eta dramatikoa. Aldiz, James Morris baritonoak erdiko bolumeneko ahotsa igorri zuen, baina bere ahoskera eta taula gaineko jokaera oso onak izan ziren, predikari lizunaren rolean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.