Antzerkiaren Nazioarteko Eguna

Afizioa ofizio bihurtzean

Arte eszenikoen goi mailako eskola irekitzeak eragina izango du orain artean antzerkiaren irakaskuntzan jardun duten eskola ez-ofizialen eskaintzan. Hala ere, harrobia sortzeko ezinbestekoak izango dira oraindik ere. Antzerkiaren Nazioarteko Eguna da gaur.

Donostiako antzerki eskolako ikasleak. ANTTON ERREMENTERIA.
Irune Berro Urrizelki.
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Arte eszenikoen sektoreko aspaldiko eskaerari erantzunez irekiko du Eusko Jaurlaritzak Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola, 2012-2013ko ikasturtean. Eszenika izango du izena, eta orain arte aurreratu dutenez, Arte Dramatikoko eta Dantzako bost gradu eskainiko ditu Bilbon.

Arte eszenikoen sektoreak, ordea, urteetako tradizioa du Euskal Herrian. Euskarazko antzerkiak bide luzea du egina. Beren kabuz ikasi dute ofizioa sortzaile askok. Eta afizio bat baino ez da izan beste batzuentzat. Jakina da antzerkiak hainbat helburu eta funtzio dituela, eta ugaritasun horri erantzuten diote Euskal Herriaren luze-zabalean dauden eite askotariko antzerki eta dantza eskola profesional, amateur zein laborategiek.

Marga Altolagirrek «eskola bat sortzeko eta balio batzuk zabaltzeko» helburuz ireki zuen ikasturte honen hasieran antzerki eta dantza laborategia Donostian. «Gabezia handia» dagoela uste du Altolagirrek. «Hemen ez da egon irakaskuntza on eta integralik, eta aktore gehienek kanpora joan behar izan dute ikastera. Ikasitako horrekin ez dira itzuli gero».

Altolagirrek Ingalaterran ikasi zuen Arte Dramatikoa, Canterburyko Kenteko unibertsitatean. Eta han ikasitakoa Euskal Herrian lantzeko asmoa du orain. Arte eszenikoen goi mailako eskola abiatzeari ezinbesteko iritzi dio.

Donostiako AET Arte Eszenikoen Tailerreko Julia Marinek uste du Eszenika irekitzeak sektore osoa berrantolatzea ekarriko duela ezinbestean. Izan ere, orain artean arte eszenikoen irakaskuntzan jardundako eskolek eskaintza egokitu beharko dute.

Nahiz eta ikasketa arautuak ez izan, eta goi mailako titulurik ez eman, 400dik gora ikasle pasatu dira Donostiako antzerki eskolatik 1995ean ireki zutenetik gaurdaino. Zerbitzu berbera eskaini dute, besteak beste, Gasteizko, Barakaldoko, Getxoko eta Iruñeko eskolek ere. Lanean ari diren aktore profesionalak irten dira eskola horietatik. Ordea, pentsatzekoa da aurrerantzean goi mailako ikasketak egin nahi dituztenek Eszenikaren alde egingo dutela.

Marinek uste du horren ondorioz oraingo eskolek dirua galdu egingo dutela; ez bakarrik ikasle gutxiago izango dituztelako, baizik eta Jaurlaritzako Kultura Sailak diru laguntzak murriztu egingo dituelako. «20.000 euro ematen dizkigu arte eszenikoen irakaskuntzan dagoen hutsune bat betetzen dugulako, baina Eszenikak egingo badu lan hori...». Jaurlaritzak ez du horren inguruko erabakirik hartu, oraingoz.

Nolanahi ere, Eszenikak ez dio erantzungo eskaera guztiari, ez hasieran behinik behin. Gehienez ere 60 ikaslerentzako tokia izango du lehendabiziko ikasturtean, Hezkuntza saileko iturriek adierazi dutenez. Hortaz, ikasketak egin nahi dituzten guztientzako tokirik ez dela izango uste du Marinek. «Proba bat ere gainditu beharko dute Eszenikan ikasi nahi dutenek. Prestatu beharko dute, eta gurearen moduko eskolek zubi lana egin dezakete, ikasleakprestatu». Horrenbestez, Eszenikaren osagarri izan daitezkeela pentsatzen du. «Adibidez, Eszenikak eskaintzen ez dituen gaiez ikastaro monografikoak antola ditzakegu, edo hemen horren ugaria den antzerki amateurrarentzako erreferente bat izan».

Eszenikaren harrobi

Hamazortzi urtez gorakoek soilik ikas dezakete egun Donostiako eskolan, eta adin muga jaistea ere aztertuko dute, irrika ez horren profesionala duten gaztetxoak erakartze aldera.

Hezkuntza sailak ere argi du Eszenikak nonbaitetik elikatu beharko duela. Eskolak «Eszenikaren hauspoa» izan direla, eta etorkizunean «Eszenikaren harrobi» izango direla adierazi diote BERRIAri sail horretako iturriek. «Eszenika ez da izango hutsetik hasi nahi dutenentzat, antzerkian aurrez esperientzia izan dutenentzat baizik, eta hor paper garrantzitsua jokatuko dute eskolek».

Hezkuntza sailak bilera bi egin ditu asteon sektoreko profesionalekin. Oier Araolaza, Matxalen Bilbao, Jokin Oregi, Concha de la Casa eta Carlos Gil izan dira bilkura horietan, besteak beste. Eszenikako ikasketen curriculuma izan dute aztergai. Baina hainbat gairen inguruan erabakirik hartu ez dutela esan dute Hezkuntzako iturriek. Eszenikako irakasleei goi mailako titulua edukitzea eskatuko zaien, esate baterako.

Altolagirrek uste du tituludunak izan beharko liratekeela. «Ofizioa taula gainean ikastea «arriskutsua delako», haren iritziz. «Gauzak nondik datozen eta bakoitzak zein zentzu duen ez duzu jakingo ikasketarik ez baduzu. Medikuntzan eta beste edozein arlotan bezala, arte eszenikoetan ere badago mendeetako marko historiko eta teoriko oso bat. Badaude hainbat egile, korronte, metodo eta abar. Eta irakaskuntzan aritzeko hori guztia jakin beharrekoa dela iruditzen zait».

Joxan Gonzalezek eta Altolagirrek berak ematen dituzte eskolak Donostian duten laborategian. 60 ikasle inguru dituzte, eta antzerkia ez ezik, dantza, kantua eta beste diziplina batzuk eskaintzen dituzte. Eta tarteka gustuko dituzten profesionalak ekartzen dituzte, eskola bereziak eman ditzaten. Duela gutxi Els Joglarseko Pep Vila izan zen, esate baterako.

Eszenikan ere antzeko prozedurari jarraituko diote ziur asko. Lehiaketa publiko bidez aukeratua izango den irakasle talde egonkor bat egongo da. Baina irakasgaiaren batek hala eskatzen badu, edota uneren batean gai zehatzen bat jorratzeko beharra ikusten badute,saio bereziak emango dituzten profesionalak ekartzeko aukera ez du baztertzen Hezkuntzak, horiek titulurik ez badute ere.

Marinek kezka du «Eszenikako irakaslegoa hautatzean ez ote dioten tituluari garrantzi handiegia emango, eta ez ote diren ahaztuko lanean ari diren profesionalez eta sektorearen inguruan ezagutza zuzenagoa duten horiez». Egokiena batekoak zein bestekoak uztartzea izango dela dio Donostiako eskolako irakasleak.

Eredu eleaniztuna

Ez du arrangura bakarra. Euskarak Eszenikan izango duen tokiak mesfidantza eragiten dio. Eta EHAZEk, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak ere kezka agertu du auzi horrekiko. Susmoa dute euskara ez ote duten bazter utziko. Hezkuntza sailak iragan udan aurreratu zuen Eszenikak eredu eleaniztuna izango duela, eta gutxienez graduetako bat euskaraz ziurtatuko dutela: Arte Dramatikoko Interpretazioa gradua, zehatz-mehatz. Alabaina, orain dio hizkuntzei dagokienez ez dutela oraindik erabakirik hartu. «Ez dago ezer definitua». Hezkuntza Saileko iturriek diote «helburua irakaslerik onenak ekartzea» dela, «beren hizkuntza edozein dela: alemana, euskara edo ingelesa».

Haatik, Arte eszenikoak euskaraz ikasten dutenen ikasle kopuruak gora egin du nabarmen azken urteetan. Eta euskarazko antzerki amateurra sasoiko dagoela dio Marinek. Errealitate horri Eszenikak ez liokeela bizkar eman behar uste du. Kontrara: sustatu beharko lukeela sinetsita dago.

Hain zuzen, euskara da Lasarteko (Gipuzkoa) Kukuma eskolaren abiaburua eta helburua. Antzerkia eta dantza irakasten diete 728 ume, gazte eta helduri. Eta Añorga Txikin, Zubietan eta Iruran ere dauzkate taldeak. Kukumakoen asmoa ez da profesionalak trebatzea, eskolako koordinatzaile Kontxu Iartzak azaldu duenez. «Antzerkiaren bitartez euskarazko espazioak sortzea, eta norberaren garapenerako tresnak ematea baizik». Antzerkiak, xede artistikoez gainera, beste funtzio batzuk ere badituen seinale. Trebakuntza akademikoari baino, formakuntza pertsonalari begiratzen diote Lasarten, eskolatik igarotako gazte asko egun aktore gisa lanean dauden arren.

Ebrotik Aturrirainoko eskola handi, amateur zein laborategietatik irten dira azken hamarkadetan euskarazko antzerkiaren sortze, finkatze eta hedatze lanetan bide oparoa egin duten profesionalak. Eta Eszenikatik aparte, gehiago irtengo direlakoan daude Altolagirre, Marin zein Iartza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.