Hasieratik planteatu du arazoa Amelie Klein komisarioak. “Arazo bat da europar nazio batentzat Afrikari buruzko erakusketa bat egitea, mendeak eta mendeak daramatzalako Europak Afrikari buruz eta Afrikaren izenean hizketan. Oso kontziente ginen horretaz”. Eta horregatik antolatu zituzten tailer, solasaldi eta eztabaidak afrikar sortzaileekin. Bi urte pasa eman dituzte horretan Afrikako hiri nagusietan, eta nolabait ere gogoeta prozesu hori aipatu du komisarioak Making Africa erakusketaren berme modura. “Ez dago Afrika bakarra. Ez dago afrikar diseinu dei daitekeen ezer. Hori baino askoz ere konplexuagoa da kontinente horretako errealitatea”. 120 artistaren lanak biltzen ditu, guztira, erakusketak, eta Afrikako diseinu garaikidearen lagin bat erakustea da asmoa. Otsailaren 21era arte egongo da zabalik Bilboko Guggenheim museoan.
Sei ataletan banatu dute bilduma, eta museoko bigarren solairu osoa hartzen du. Eta hasi, Kleinek aipatutako erakusketa aurretik egindako elkarrizketa lan horren lagin batekin hasten da ibilbidea. Bideo bidez entzun ahal izango ditu bisitariak bertan sortzaileen ahotsak. Afrikari buruz gogoetan, diseinuari buruz gogoetan, eta baita Afrikan diseinun aritzeari buruz gogoetan ere. Prologue izendatu dute lehen atal hori (Hitzaurrea), eta hortik aurrera hasten dira diseinatzaileen piezak. I and we (Ni eta gu), Space and Object (Espazioa eta objektua), Origin and future (Jatorria eta etorkizuna) eta Cinema (Zinema) izendatu dituzte beste aretoak.
Cyrus Kabiru Keniar sortzailearen lanek abiatzen dute piezei eskainitako ibilbidea. Birziklatutako materialez sortutako fantasiazko betaurreko sorta batekin, alegia. Eta erakusketan badira, besteak beste, El Anatsui, Justin Dingwall,Amadou Fatoumata Ba sortzaileen lanak. Izan ere, ezin zabalago hartzen du diseinuaren ideia erakusketak. Badaude altzariak eta badaude harri bitxi eta soinekoak ere bilduman, baina baita bideo jolasak, eskulturak, argazkigintza lanak eta film laburrak ere. Komisarioaren hitzetan, ordea, pieza guztiek dute loturarik diseinuarekin.
Aldaketa irizpide
Afrikak bizi duen aldaketa islatzea. Hori da komisarioaren hitzetan, erakusketako pieza guztiek betetzen duten beste ezaugarria. “Diseinu kritikoa da bertan ikusi daitekeen guztia. Aldaketa bultzatzen duen diseinua, eta XXI. mendean diseinuak denaren edo izan behar lukeenaren inguruan gogoeta egiten duena”.
Aurrez ere eskainia dio Guggenheim museoak erakusketa bat Afrikako sorkuntzari. 2008An zabaldu zuten %100 Afrika bilduma, eta Making Africa da bigarrena. Alemaniako Vitra Design Museum-ean eskaini zuten aurrenezko bilduma, eta han erakutsitakoaren bertsio zabalagoa ekarri dute Bilbora orain.