Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Agirre, Lizaso, Iguaran eta Artola finalaurrekoetara

Unai Agirrek irabazi du Eskoriatzako final-laurdena, eta Unai Mendizabal finalaurrekoetatik kanpo gelditu da Artolarekin berdinketa haustean

Eskoriatzako saioko une bat. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS
Beñat Zamalloa Akizu.
2015eko azaroaren 8a
20:39
Entzun

Unai Agirrek (497,5 puntu) irabazi du Eskoriatzan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken final-laurdena, eta berarekin batera Beñat Lizaso (485,5 pt.), Oihana Iguaran (484 pt.) eta Mikel Artola (480 pt.) ere finalaurrekoetara sailkatu dira saio beretik. Artolak eta Unai Mendizabalek (480 pt.) berdindu egin dute, baina berdinketa haustean Mendizabal finalaurrekoetatik kanpo gelditu da. Manu Goiogana (450 pt.) izan da seigarrena. Aurrekoak baino final-laurden apalagoa izan da. Hala ere, izan dira gaurko 500 bertsozaleko plaza lehertu duten bertsoaldiak eta bertsoaldi bereziak.

Final-laurdenak bukatuta, hauek dira finalaurrekoetan kantatuko duten hamazortzi bertsolariak (sailkapenaren ordenan): Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Nahikari Gabilondo, Ander Lizarralde, Unai Agirre, Iñaki Gurrutxaga, Felix Zubia, Iñaki Apalategi, Alaia Martin, Beñat Iguaran, Nerea Elustondo, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Jon Maia, Beñat Lizaso, Jon Martin, Unai Gaztelumendi, Oihana Iguaran eta Mikel Artola. Honela osatu dira finalaurrekoetako hiru saioak:

1. Zarautzen, azaroaren 22an: Agin Laburu, Ander Lizarralde, Alaia Martin, Beñat Iguaran, Jon Martin eta Unai Gaztelumendi.

2. Tolosan, azaroaren 29an: Beñat Gaztelumendi, Unai Agirre, Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo, Beñat Lizaso eta Oihana Iguaran.

3. Eibarren, abenduaren 6an: Nahikari Gabilondo, Iñaki Gurrutxaga, Felix Zubia, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Jon Maia eta Mikel Artola.

Behetik gora
Apal hasi dira zortziko handian. Mendizabal eta Agirrek egin duten ariketa izan da biziena, gaiak ere horretarako aukera zabalduta. Zortziko txikian hasi dira pixkanaka gehitxoago asmatzen. Bi bertsoaldiren bukaera izan dira publikoa piztu dutenak. Mendizabalek auzoaren rolean bota duena eta Agirrerena. Autoan lanera elkarrekin joaten diren lankideak izan dira Lizaso eta Agirre. Bost-hamar minutu agertu izaten zen beti Agirre, eta Lizasok ez zion egun hartan itxarongo. Hargatik ordubete berandu agertuko zen lanera Agirre. Honela bukatu du Agirrek: “Atera egingo naiz / zihero puntuan / hor nik itxoingo dizut / hamar minutuan”.

Sei puntuko motzean, Artola izan da finen ibili dena; gehienbat, bigarren bertsoan. Brasilgo joku olinpikoetarako dena egiteko prest zen Goiogana kirolaria; ez, ordea, Artola. “Begira dauden guzti horien / eredu gara gu  / pastilla batzuk gosaldu. / Horrek zentzurik ba al du? / Gaur irabazi egingo dezu / baina bihar galdu”, kantatu zuen du bere bigarren bertsoaren amaieran Artolak.

Azken ofizioan lehertu da plaza
Hamarreko txikian egin du saioak gora, eta entzuleek eskertu dute. Iguaran eta Mendizabalek egindako ofizioa izan da horren errudun nagusia. Itzel aritu dira biak ariketa horretan, Iguaran ausart. Rola emanda, anestesista izan da Mendizabal; Iguaran, aldiz, gaixoa. “Jarrikoizut sei eunen / lo hartzeko aina”, bota du bere aurreneko bertsoan Mendizabalek, eta honela erantzun dio Iguaranek: “Sobran ez zait inporta / ez dadila falta”. Proposamen berezia egin dio ostean: “…baina beldur pixka bat / daukat eta aizu / sehaska kantaren bat / abestu zaidazu”. Proposamenari beste proposamen batekin erantzun dio Mendizabalek: “Len zinan balientia / ausardian jabe / ta esperientzi gogorren / egarriz bazaude / probatu dezakegu / anestesi gabe”. 

Agirreren bertso batek ere esnatu ditu txaloak jardun berean. Agirre saltxitxa furgonetako langilea izan da, Goiogana parranderoa. Goioganak minbizirik eragiten ote duten galdetu dionean etorri da Agirreren bertso arrakastatsua: “Notizia entzunda / ni larritu  nintzan / zu ibilia zera / alkolan peskizan / hauts txuria ere bai / beste askoren gisan / horren minbiziaren / beldurrik ez izan”.

Ahalegina
“Ahalegina egiten duzun arren, sekula ez dago konforme egiten duzunarekin”, izan dute kartzelako gaia. Lizasorena izan da lan berezienetako bat. “Barkatu aita, baina nerekin / exijenteegia zera”, bukatu du bigarren bertsoa, eta gero honela bertsoaldia: “Eta badakit gorengo mailan / ez dudala bukatuko / beti saiatu izan naizela / hori ez det ukatuko. / Bertso-eskolan sarriasko zeu / izan zerala lekuko / ez naiz goraino iritsiko, nahiz / hori ez duzun gustuko / nik horrenbeste egin dezaket / onartu zazu ta punto”. Iñaki Artola anaia pilotariaren ahotik egin du berea Artolak. Josten ez da oso fin ibili, baina publikoari gustatu zaizkion hainbat ideia bota ditu. Azkeneko hau, adibidez: “Hobe bertsotan egingo / balu nik pelotan aina”. Mendizabalek saioan zeharreko tonu zirtolari eutsi, eta ama hartu du kantagai: “Beste seme bat nahiko zenuke / baina hau da ein zenduna”. Hala bukatu du: “Gaur gaupasara aterako naiz / guztia esan beharko / ea haserrea pasatzen zaizun / bueltatzen naizenerako”.

Doinu berria plazaratu du Agirrek, eta entzuleak kantuan jarri ditu errepikapenetan. Langilea eta nagusiaren arteko tira-biraren gainean kantatu du. Hau izan du azken bertsoa: “Lanez betea dugu enpresa / baina baloretan hutsa. / Estutzea da azken urtetan / ipiniten diguten funtsa / ta nagusiak entenditzen du / hitz eiten dedan hizkuntza. / 20 urtekin etorri nintzan / gazte-gaztia honuntza / nik ahal dedana eingo det, baina / gehio ez zaidazu bultza / gauza berdina ez baidittugu / lana eta esklabutza”.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.