Amets bat zen Eduardo Txillida eskultorearentzat Txillida Leku museoa. «Utopia bat», haren hitzetan. Museoa ireki eta hamar urtera, gainditu egin du errealitateak utopia. Ireki zenetik, batez beste urtean 80.000 bat bisitari jaso, eta Euskal Herriko museoen mapan pisua lortu arren, itxi egingo ditu ateak urtarrilaren lehenetik aurrera. Handiegi omen dira galerak artistaren ametsari eusteko, eta lan erregulazioko espediente bat aurkeztu dute museoko arduradunek. Pribatua izan da orain arte, baina erakunde publikoen inplikazioa lortzea da egoerari buelta emateko modua, museoaz arduratzen den eskultorearen familiak dioenez. Indarrak batu edo itxi. Krisi ekonomiko betean, martxan dira jadanik negoziazioak, eta bi alderdiak mintzo dira elkarlanaren alde. Halere, oraindik ez da adostasunik. Indarrak nola batu da eztabaida, eta asmo bera izan arren, zail itxurak ditu oraingo besarkada honek ere.
Ez dago eztabaidarik instituzio publikoen parte-hartzearen beharraz. Horretarako prest azaldu dira jadanik Eusko Jaurlaritza, Donostia eta Hernaniko udalak eta Gipuzkoako Aldundia, baita artistaren familia ere. «Mantendu ahal izateko, museoak publiko izan beharko du, azkenean», aitortu zuen Luis Txillidak, eskultorearen seme eta museoaren arduradunak, orain hilabete batzuk museoaren hamargarren urteurrenean. Museoa kaltetu gabe, museo eredua nola aldatu. Hori da sakoneko eztabaida. Horren araberakoa izango da Txillida Lekuren etorkizuna.
Museoaren gestioaren eta ondarearen kontrolaren gaineko erabakietan egiten dute talka Txillida Lekuko arduradunek eta instituzioek. Familiarentzat museoa ez da museo soila, artelanez ostatuko artelan moduko bat baizik. Hala sortu zuen Txillidak: eperik eta aurrekonturik gabe, askatasunez, zertan bukatuko zen jakin gabe; beste obra baten gisan. Eta, nolabait ere, jatorrizko ideia horri heldu nahi dio familiak, ahal dela. «Jendeak osotasunean gozatu ahalko duen obra bat» da museoaLuis Txillidaren hitzetan. Ikusi egin behar, ordea, nola manten litekeen jatorrizko asmo hori, museoaren bideragarritasunarekin. 500.000 eurotik gorakoak baitira orain arte pilatutako galerak.
Instituzioek ondarearen eta gestioaren parte izan nahi dute laguntzaren truke. Bi puntu horiek dira negoziazioen oinarriak: kudeaketa bideragarriko eredu bat bilatzea eta ondarea partekatzeko aukerak aztertzea. Eta alde bakoitzak ditu bere indar guneak eztabaidan: Eduardo Txillidaren lanaren garrantzia, nazioarteko proiekzioa eta museoaren bisitari kopurua dituzte alde museoko arduradunek; eta museoa bideragarri egitea, erakundeek.
«Diskrezioa» eta «konfiantza» eskatu ditu Jaurlaritzak negoziazioetarako, eta museoko arduradunek ere ez dute jendaurrean aipamenik egin nahi. Bada, ordea, itxiera abisua familiak negoziazio mahaian emandako kolpe bat dela uste duenik. Itxieraren berria eztabaidan indarra hartzeko modu bat dela dioenik, alegia. Eta ez nolanahikoa, gainera, Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko lehian dabilela kontuan harturik.
Probatarako albistea
Hori da Xabier Santxotena artistaren iritzia. «Probatarako hedatu dute albistea, eta kezkatu egin dira udalekoak eta aldundikoak». Dioenez, baina, ixtea erabaki baino lehenago ere, badira bestelako aukerak. Batzuk aipatu ditu: «Langileak edo irekiera ordutegiak murriztea. Gastuak gutxitzea da giltza». Esperientziaz mintzo da: bere lanari eskainitako museo monografiko bat du Erratzun (Nafarroa), eta beste bat Artziniegan (Araba). Pribatuaren aldekoa da bere apustua, eutsi artean behintzat, baina Txillida Lekuren kasuan, erakundeen proposamenarekin egiten du bat. «Diru publikoa sartu nahi badute, zentzuzkoa da instituzioek beren exijentziak izatea».
Dani Castillejo Gasteizko Artium museoko zuzendariak ere onartzen du itxierarena izan daitekeela negoziazioetan indarra hartzeko mugimendua. Hala balitz ere, ordea, arazoa sakonekoa dela erakusten dute zenbakiek. «Ez da hain garrantzitsua erabakia orain, iaz edo datorren urtean hartu duten. Goiz edo berandu gertatu behar zen erregulazioko espedientearena. Defizita bazegoen, eta horrek esan nahi du itxierarena ez dela hainbeste unea baliatzeko asmoz harturiko erabakia, baizik eta sakoneko arazoa».
«Zailak» dira Txillida Lekuren ereduko museo monografikoak, Castillejoren hitzetan. Baina, zehazten duenez, horrek ez du esan nahi museo jeneralisten ondoan beharrezko ez direnik. «Maiz, museo jeneralistok espektakuluaren logikan erortzen gara, eta museo monografikoek obraren diskurtsoari ematen diote garrantzia». Bikoitza da museo monografiko horiek duten zailtasuna, Castillejok dioenez; gorabehera ekonomikoei erantzuteaz gain, gorabehera historikoei ere erantzun behar izaten baitiete. «Oso aldakorra da perspektiba historikoa, eta goian jar dezake artista bat hamarkada batean, eta jaitsi egin dezake hurrengoan». Adibideak baditu, denak arazoekin: Txillidarena Euskal Herrian, Tapies fundazioarena Herrialde Katalanetan eta berehala itxiko den Jose Guerrerorena Espainian.
Hirugarren faktore bat gehitzen dio zailtasunen multzoari Gregorio Diaz Ereñuk, Altzuzan (Nafarroa) dagoen Oteiza museoko zuzendariak: krisi ekonomikoarena. Krisiarekin, okerrera egin du museo monografikoen egoerak, baina sakonean, kulturaz den ikuspegia da arazoa. «Subentzionatzen den alor gisa ikusten da kultur esparrua, eta ez inbertsioak egiteko alor gisa. Museoa ere bada, ordea, hezkuntza esparru bat, are gehiago, gainera, Txillida eta Oteizarenaren gisako autore museoen kasuan».
Autore museoen zailtasunak
Monografikoak dira bi museoak, eta euskal artearen barnean zein nazioartean pisuzko artistei eskainiak. Baina badira ñabardurak. «Biak gara fundazio pribatuak», azaltzen du Diazek, «baina gurean [Oteizarenean] Nafarroako Gobernua da finantzabide nagusia. Oteizak fundazioa sortu zuenean, ondarea Nafarroari eman nahi ziola erabaki zuen, eta nafarrak ordezkatzen dituen unean uneko gobernua da fundazioa finantzatzen duena». Dioenez, kasik beharrezkoa da sostengu publiko hori museo monografikoen iraupenerako. «Europan administrazio publikoak dira beste sektore pribatuak heldu artean, behintzat, halako museoentzako iraupenerako bermea».
Artista bati buruzkoak izan arren, museo ireki gisa ulertu behar dira, ordea, Oteiza eta Txillidarenaren gisako guneak. Hala dio Diazek: «Ez dago barrura bakarrik begiratzerik». Eta behin-behineko erakusketak izan daitezke hori lortzeko bideetariko bat. Espektakulutik urrun, eta artistarekiko errespetutik abiatuta, betiere. «Museoa sortzen duen artistaren figurak izan behar du beti erakusketa horien ardatza, baina museoa ezin da gizarteari bizkar emanda bizi».
Diazek aipatzen dituen erakusketa horiek eta autore museoa beste artistei irekitzea da, dirudienez, Txillida Lekuri buruzko negoziazio mahaiko beste puntuetariko bat. Hori zen, behintzat, Luis Txillidak itxieraren berri eman aurretik aipatzen zuen gaietariko bat. Erakusketa horiek hartzeko, baina, gune berri bat eraiki behar litzatekeela dio.
Pisu sinboliko handiko gertaera da Txillida Lekuren itxiera, Castillejoren hitzetan. Nortasunarekin zerikusia duena. «Handia da artistaren pisua, eta Oteizarekin batera bera izan da XX. mendean euskal artea deiturikoari eutsi diona. Testuinguruak ematen dio, ordea, batez ere, pisu sinbolikoa berriari, krisi ekonomikoak. Errealitateak kulturari eman dion kolpe gogorra da hau. Ez da, akaso, ezagunena, dena dirutan, hau da, irabazi eta galeretan kuantifikatzen delako, eta nortasuna eta kulturarekin lotutako alor sinbolikoa kuantifikatzen zaila delako. Baina, halere, oso gogorra da».
«Tristea da itxiera», dio Diazek, baita «arriskutsua» ere. «Pena da gure historia eta edertasunaren parte den ondare aberats hau galtzea. Kulturaren mundua hauskorra da, eta babestu beharra dago; inbertsio gisa. Irizpidea sortzen laguntzen du, eta nahitaezkoa da espiritu kritikoa lortzeko. Halako kultur elementuak desagertu ahala, pobretu egiten da gizartea, eta arriskutsua da hori».
Bi aldeko ardura
Borondaterik ez da falta Txillida Lekuren kasuan, dirudienez, familia eta erakunde publikoak ados baitaude: garrantzitsua da museoa, eta zabalik nahi dute. Castillejok dioenez, baina, bi aldeek egin beharko dute hurbilketa ariketa bat irtenbidea topatzeko. «Alde batetik, ardura handia du administrazioak halako entitate bat bizirik mantentzeko, baina familiak ere ulertu behar du familia ondarea dena badela ondare publiko ere. Gizarteak badu zor bat artistarekiko, kultura interesgarri bat lortzen lagundu duelako, eta artistaren familiak ere bai gizartearekiko, objektua berea izan arren, gizarteari zor diolako».
Bi horiek orekatu eta parekatzea da giltza, baina hori, aitortzen duenez, ez da erraza. Burni gogorregiak izan daitezke, akaso, bi aldeen jarrerak, Txillidak Besarkada izeneko eskultura sailean egin bezala, bata bestearen neurrira moldatu ahal izateko. Konplikatua izango da baldintza zehatzak adostea, baina argia da erabakia: bat egin, ala ateak itxi. Eztabaidan da lehen aukera, eta bigarrena da oraingoz ziurra; urtarrilaren lehenetik aurrera ateak itxiko ditu Txillida Lekuk. Negoziazioen arabera ikusiko da noiz eta nola irekiko dituen berriz.
Txillida Lekuren itxiera. Erakunde publikoak eta museoak
Agurraren eta besarkadaren artean
Gastuei aurre egin ezinez dabiltzala eta, ateak itxiko dituela iragarri du Txillida Lekuk. Instituzio publikoek esku hartzea da museoa bideragarri egiteko modua, eta martxan dira negoziazioak. Baldintza konkretuez gain, museo eredua ere adostu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu