Artea

Agustin Ibarrolaren 'Gernika' erosi du Bilboko Arte Ederren Museoak

Obra hamarkadetan egon da euskal artistaren estudioan ahaztua, eta Madrilgo Arco arte garaikideko azokan erakutsi dute orain. 300.000 ordaindu ditu museoak

Agustin Ibarrolaren 'Gernika' Madrilgo Arco azokan da ikusgai egunotan. MARISCAL / EFE
mikel lizarralde
2021eko uztailaren 9a
10:34
Entzun

Pablo Picassoren obrarekiko omenaldi gisa, Agustin Ibarrolak (Bilbo, 1930), 1977an margotu zuen Gernika, hamar mihisek osatu eta alturan bi metro eta zabaleran hamar hartzen dituen obra erraldoia. Urte hartan hainbat artista eta eragilek eskatu zuten Picassoren obra enblematikoa Gernikara (Bizkaia) ekartzeko, eta eskaera hari bultzada emateko egin zuen obra Ibarrolak. 1977an bertan Bilboko Arte Ederren Museoan erakutsi zuen artelana Ibarrolak, eta bi urte geroago berriro jarri zuten ikusgai museo berean, artistaren beraren beste lan batzuekin batera. Ordudanik, ordea, Ibarrolaren Gernika artistak lantegi gisa erabili izan duen Gametxoko (Ibarrangelu, Bizkaia) baserri bateko almazenean izan da, harik eta Jose de la Mano galeristak katalogo batean aurkitu, eta artistaren familiarekin harremanetan jarri ostean, Arco azokan erakusgai jarri duten. Han erosi du obra Bilboko Arte Ederren Museoak 300.000 eurotan. Horma-irudia museoa sustengatzen duten hiru erakundeen —Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala— ekarpen berezi bati esker erosi ahal izan dute.

Museoak, bere aldetik, Gernika «euskal artearen obra enblematikoa» dela adierazi du, eta gogorarazi 1979an erakutsi izana museoaren hurbileko historiako une garrantzitsuenetako bat izan zela. Galeristak eta museoak jakinarazi dutenez, obra kontserbazio egoera bikainean dago. «Picassoren obraren motibo figuratiborik ikonikoetako batzuk ditu irudikatuta, Ibarrolaren sormenezko unibertsoaren berezko elementu batzuekin batera; esaterako, diktadurako jazarpen giroaren salaketa eta askatasunaren aldarrikapena sinbolizatzen duten burdin sare geometrikoak», adierazi du museoak, ohar bidez.

Ibarrolaren familiaren helburua zen obra erakunde publiko baten esku gelditzea, edo, hori ezinezkoa balitz, publikoarentzat ikusgai jarriko lukeen museo bat izango lukeen erakunde pribatu baten esku. Gernika erostearekin batera, Bilboko Arte Ederren Museoak Ibarrolaren beste bi obra jaso ditu dohaintzan, 1973 eta 1979an margotutakoak. Margolariak 1979an museoaren areto grisean egin zuen erakusketarako sortutako muntaketa bereziaren parte dira bi koadroak. Erakusketa hark Gernika bera eta urte haietako beste obra batzuk zituen abiapuntu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.