Literatura

'Ah!nana', bazterrekoen bazterra

'Ah!nana' komiki aldizkari feministak 1976an ikusi zuen argia, gizonezkoak nagusi ziren esparru batean emakumezkoen tokia aldarrikatzeko. Zentsurak itxi zuen.

(ID_13555255) (/EZEZAGUNA) 1706794666490
'Ah!nana' aldizkariaren azaletako bat.
garbine ubeda goikoetxea
2024ko otsailaren 4a
05:55
Entzun

Ah!nana aldizkariak emakumeen tokia aldarrikatu zuen 1970eko hamarkadaren erdialdean, eta zedarri garrantzitsu bat ipini zuen frantses komikigintzan. Bigarren urtea bete baino lehen isilarazi zuten, bederatzigarren zenbakiko azalak intzestuaren gaiari heldu eta orduko agintariak eta kultur munduko buru gorenak asaldatu zituenean.

Metal Hurlant argitaletxeak berriro atera du plazara Ah!nana izan zena; orduan merkaturatutako zenbaki guztiak bakarrera ekarri, eta bildumez aparteko liburu gisa jarri du salgai. Bere horretan errespetatu ditu zenbakiak, azaletik kontrazalera, eta protagonista nagusiei egindako elkarrizketez osatu du argitalpena.

Aldizkariaren lehen zenbakiak 1976ko urtarrilean ikusi zuen argia, baina 60ko hamarkadaren amaierako kontrakulturan ditu sustraiak. AEBetan, belaunaldi gazteek talka egiten zuten establishment-arekin, eta bide propioak bilatu zituzten amets amerikarraren ustela, gerrak edota eskubide zibilen urraketa salatzeko. Komikiaren kasuan, borrokatu beharrekoa zentsura gordina zen, hau da, argitaratze sistema tradizionalak Bigarren Mundu Gerraz geroztik legez ezartzen zion kontrola. Bereziki ideologiari eta erotikari zuzentzen zitzaien lupa.

(ID_13555256) (/EZEZAGUNA) 1706794635365
Bederatzigarren zenbakia.

Undergroundaren alabak

Marvel eta antzeko erraldoiak nagusi zireneko garai hartan, beraz, bazterreko mundu bat mamitu zuten apurka, eta hortik eman zitzaien underground izena. Argitalpen gehienak kolektiboak ziren, eta, sarri, talde jakin baten antologiak, merke-zurrean inprimatuak. Baldintza haietan nagusitutako estiloak gaurdaino iraun du: gidoietan, desinhibizioa, gertutasuna eta autobiografia zintzorako joera; marrazkietan, adierazkortasuna, pintzelkada gogorra, harmoniari muzina; eta koloreari dagokionez, orrialde zuri-beltzak, eta bestela, psikodelikoak, hippy mugimenduaren eraginez.

Ordukoak dira Dirty Plotte eta Zap Comix aldizkari ospetsuak, eta haien sortzaile Gilbert Shelton eta Robert Crumb marrazkilariak. Emakumeek ere izan zuten parterik, baina zenbait urteren buruan alde egin, eta haien gisako argitalpen kolektiboak plazaratzera jo zuten, undergroundak —komikigintza tradizionalak bezalaxe— emakumezko sortzaileei ez ikusia egiten zielako sistematikoki, eta sarritan aldarri feministak irrigarritzat jo eta lotsagarri uzten zituztelako.

Josune Muñoz Skolastikako zuzendariaren arabera, aldarrikapen politikoetarako oso baliagarri izan zen joera berri hura, baina sexu edukien kontrola saihesteak «pornografia itzela, misoginia eta emakumeen aurkako indarkeria» ekarri zituen. Bestalde, «ezin ahantzi hirugarren olatu feminista betean zirela, eta beste molde bateko komikiak lantzeko une historikoa ere bazela emakumezkoentzat ere».

Komiki aldizkari feministen artean aitzindaria It ain’t me baby izan zen, eta erreferentziarik argiena eta luzeen iraun zuena, berriz, Wimmen’s Comix, 1972an sortua. Izen garrantzitsuak batu zituzten biek, besteak beste, Nancy Hurricane Kalish, Lee Marrs, Willy Mendez eta Trina Robbins. Azken horren rola «azpimarratzekoa» iruditu zaio Muñozi, batetik, «AEBetako esperientzia beste herrialdeetara zabaldu nahi izan zuelako», eta, bestalde, «Ah!nana-ren laguntzaile sutsua izan zelako».

Ah!nana, hain zuzen ere, lehena izan zen Wimmen’s Comix aldizkariari lekukoa hartzen, Europan. Estatubatuarren ezaugarri asko errepikatu zituzten; besteak beste, gaitegia: abortua, emakumearen desira, lesbianismoa, amatasun ez-idealizatua, transexualitatea... Muñozen arabera, «gorputzari lotutako aldarrikapen zerrenda oso bat zegoen Ah!nana-n». Umoreak, gainera, toki zentrala hartu zuen zenbaki guztietan barrena, izan ironia, izan umore beltza, izan parodia.

(ID_13555263) (/EZEZAGUNA) 1706794746905
Komikiaren aleetako bat.

Egitura horizontala

Funtzionamenduan ere bazuen Wimmen’s Comix argitalpenaren antzik. Muñozen hitzetan, «egitura guztiz horizontala zuten, bai batek eta bai besteak ere; jendea erre ez zedin, zenbaki bakoitzak kudeatzaile bat izango zuela erabaki zuten, eta zaintza ere kontuan hartu zuten, batzuk ama baitziren».

Parte hartzaile andana izan zuen Ah!nana-k. Gidoilariak eta marrazkilariak ez ezik, zinemagileak, umoregileak, kazetariak eta idazleak ere batu zitzaizkion proiektuari, eta teknika eta estilo askotako lanak atera zituzten. Muñozek dioenez, «batasun handiko momentua izan zen, eta erasoa gizonezkoen mundutik heldu zen, bereziki gobernutik». Haren ustez, aldizkaria ixteko erabakia «mugimendu feministaren aurkako erreakzioa» izan zen, komikiaren kontrako erasoa baino gehiago.

Ah!nana berriz argitara eman izana «zorioneko erabakia» izan da Skolastikako arduradunaren hitzetan: «Hor queer mugimendu osoa ageri da, eta oso erabilgarria da gaur egun ere. Egileak nortasun handikoak izanik, estilo, molde, formatu eta tonu askotako lanak batzen ditu». Haren ustez, Ah!nana eskuragarri edukitzeak «inspirazioa, ezagutza eta duintasuna» ekar ditzake emakumezkoen komikigintzara; «omenaldiaz haragoko zerbait da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.