Ahizpatasunak akuilatutako taldea

Orain bost urte sei kantuko lan labur bat argitaratu ostean, Phoebe Bridgesek, Lucy Dacusek eta Julien Bakerrek 'The Record' lehenengo disko luzearekin eman diote jarraipena Boygenius proiektuari.

Phoebe Bridges, Lucy Dacus eta Julien Baker, Boygenius osatzen duten hiru musikariak. BERRIA.
mikel lizarralde
2023ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Supertalde kontzeptuak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan izan zuen indar berezia, Crosby, Stills, Nash & Young, Cream, Emerson, Lake & Palmer eta beste hainbat talde garaiko izarren bilgune bilakatu zirenean. Izan dira, gerora ere, norbanako ezagunak bildu dituzten proiektuak, gehienak gizonezkoek osatutakoak (Asia, Temple of The Dog, Audioslave), baina nolabait apaldu den joera izan da. Azkeneko urteetara arte. Hainbat emakumek bide bera hartu duten arte. 2016an sustraidun musika amerikarreko kantari ezagunenetako hiruk (K.d. Lang, Neko Case eta Laura Veirs), indarrak bildu, eta disko aipagarria atera zuten, eta, orain dela urte pare bat, Angel Olsenek eta Sharon Van Ettenek bide bera hartu zuten, eta, kantu bat argitaratzeaz gain, bira bat egin zuten elkarrekin.

Phoebe Bridges (AEB, 1994), Lucy Dacus (AEB, 1995) eta Julien Bakerrek (AEB, 1995) bide labur baina nabarmena egin dute azken urteetan kutsu indieko pop, rock eta folkaren eremuetan. Bakoitzak bere aldetik, hirurek erakutsi dute nortasun nabarmena orain arte argitaratu dituzten diskoetan, bai alde barnerakoia azaleratu dutenean, bai, oldarkorrago agertu direnean. Hirurak belaunaldi berekoak izanda eta musikaren nahiz bizitzaren ikuspegi antzekoa edukita, Bridges, Dacus eta Bakerrek elkarrekin lan egiteko erabakia hartu zuten orain bost urte pasa, eta horren ondorioa izan zen Boygenius proiektua abian jartzea. Lehen kolaborazio haren emaitza izan zen taldearen izen bereko sei kantuko EPa, Boygenius bere hiru parteen batuketa baino gehiago izan zitekeela erakusten zuen disko laburra bezain mamitsua.

Orduz geroztik, hiru musikariek beren bakarkako lanei eutsi diete. Bakerrek Little Oblivions diskoa atera zuen 2021ean, Bridgesek Conor Oberstekin (Bright Eyes) kolaboratu zuen Better Oblivion Community Center proiektuan, eta Punisher diskoa argitaratu zuen, bakarka, 2020an, eta, Dacusek, berriz, Home Video bere hirugarren lana argitaratu zuen orain dela bi urte.

Boygenius, ordea, ez zen egitasmo puntuala izan, eta hori berrestera dator The Record hirukotearen lehenengo disko luzea, Universal multinazionalak argitaratu duena.

Taldearen indarra

Musika eszenan rock taldeen nagusitasuna nabarmen murriztu, eta, batik bat, bakarlariak bilakatu direnean merkatuaren jomuga, Bridgesek, Bakerrek eta Dacusek taldearen alde egin dute. Eta ez dirudi ausaz hartutako erabaki denik. «Nik uste dut zigiluek nahiago dutela pertsona bakarrekin egin tratuak, talde bat apurtzen bada, arriskuan jartzen duelako produktua», eman du argudioa Dacusek. Talde batek, gainera, beste indar bat duela iritzi dio Bakerrek: «Kapitalismoaren xedea beti izan da bera: jende guztia norbanako bilakatzea. Talde batean, identitatea norbanakoen batuketa hutsa baino gehiago izaten da».

Boygenius EP-ak balio izan zien hiru musikariei euren bide konpartitua bilatzeko eta emakumeentzako espazio gehiago exijitzeko, eta The Record-ek ere ildo berean jartzen du azpimarra, ahizpatasunean, lehiakortasunik ezean eta elkarlanean. A cappella abestutako Without You Without Them hasierako kantuak, adibidez, aurretik izan direnei egiten die aitortza: «Zer izango nintzen ni zu gabe / haiek gabe?».

Lehenengo kantu labur horrek, bere soiltasunean, XX. mende hasierako kantu talde tradizionalak ekar lezake gogora, baina Boygenius gaur egungo taldea da, eta baita beren egileen fruitua ere, eta$20 bigarren kantua —Bakerrek idatzia— gitarra riff rockzale batekin hasi eta Bridgesen garrasiekin amaitzen dela ikusita, agerian gelditzen da hori.

Lehenengo bi kantu horiek adierazten duten bezala, The Record ez da norabide bakarreko diskoa, eta, hala ere, bere estilo ugaritasunak ez dio talde izaerari inolako kalterik egiten. Batzuetan nabarmena da 1990eko hamarkadan sortu ziren indie-rock taldeekiko mira —$20 bera, Not Strong Enough melodikoa eta, batez ere, Satanist atera Belly, The Breeders, Veruca Salt eta Bettie Serveert taldeek hamarraldi hartan garatu zuten soinuaren arrastoan mugitzen dira—, baina elektrizitatea jaitsi eta gitarra akustikoek protagonismoa hartzen dutenean, 1960ko hamarkadako folk revival-aren oinordeko garaikideak ematen dute Bridgesek, Dacusek eta Bakerrek. Hori berezi nabarmena da Cool About It kantuan, zeina Simon and Garfunkelen melodia bat izan zitekeen.

Hiru musikariek beren bakarkako bideekin segituko dute aurrerantzean, baina baita elkarrekin ere, Boygeniusek erakutsi baitie —agerikoa da, jaso dituzten kritika bikainei begiratuta—, taldeak indarra ematen diela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.