Donostiako Jazzaldia

Ahots beltzen gaua

Eguraldia lagun, jende dezente bildu du Alabama Shakesek Zurriolako hondartzan Donostiako 47. Jazzaldiaren hasieranSoul eta blues doinuak nagusi izan dira Jazz Band Ball-en eskaintzan

mikel lizarralde
Donostia
2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Ahots indartsu, sakon eta sentikorren erakustaldiarekin, soulari eta oro har musika beltzari gorazarre eginez hasi zen, atzo iluntzean, Kursaalen inguruan, Donostiako 47. Jazzaldia. Eta, hain zuzen, Alabama Shakes da urteko taldea soul eta rock uztarketari dagokionean. Brittany Howardek eta bere ahots arimadunak gidatzen duten taldeak southern soul-ean du abiapuntua, eta Boys & Girls aurreneko diskoak musika beltzaren lehen mailan jarri du. Oraindik talde oso ezaguna ez izan arren —aurreko bi urteetan Patti Smith eta BB.King izan ziren estreinako egunean—, soul musikaz gozatzeko prest zeuden ikusle talde handi bat zuten zain Zurriolako hondartzako Agertoki Berdera igo zirenean. Eguraldi txukuna lagun, hasi ziren aletzen Howard eta taldekideak Boys & Girls arrakastatsuko abestiak, eta I found you, Hold on eta Rise to the Sun-ekin, esaterako, bertaratutakoak dantzan jarri zituzten. Gauaren hasiera baino ez zen izan. Izan ere, gauerdian, ahots sakoneko beste abeslari bat igo zen Agertoki Berdera: Sharon Jones estatubatuarra.

Azken urteotako tradizioari jarraituta, Jazzaldiaren lehen egunean Jazz Band Ball deituriko festa handia egin zen Kursaalen inguruan. Eta 20:00etarako hiru gune nagusietako eserlekuak beteta zeuden jada. Aretoetan Triz3ps proiektua aurkezten aritu ondoren, Javi P3z donostiarrak aukera zuen atzo bere azken egitasmoa publiko zabalago bati aurkezteko. Eta arima beltzeko soul zuriz osatu zuen bere saioa. Hirukotea da Triz3ps, baina perkusioan Luis Camino eta teklatuak jotzen Paul San Martin batu zitzaizkien, atzo, Alberto Bosch baxu jotzaileari, Oriol Flores bateria jotzaileari eta P3z abeslari eta gitarra jotzaileari. Lehen diskoko abestiak jo zituzten, eta baita Parafunken —P3zen orain urte batzuetako taldea— klasiko batzuk ere. Gainera, Así fue kantu berria aurkeztu zuten. Kontzertua berotzen joan zen pixkanaka, eta jendeak dantzan bukatu zuen, arima beltzeko doinuekin sorginduta. P3zek hiztun jardun zuen, gogotsu, eta izerdi batean bukatu zuen saioa.

Travellin' Brothersekoak, berriz, big band- formatuan aritu ziren Frigo gunean, eta haien rhythm & blues doinuekin bildutako ikusle saldoa jarri zuten dantzan. Kontzertu osoa izan zen Leioako (Bizkaia) taldearena.

Trinitate plaza

Gaur zabalduko ditu gainerako agertokiak jazzaldiak. Jimmy Cobb bateria jotzaileak Donostia Saria jaso eta kontzertua eskainiko du Viktoria Eugenia antzokian. Miles Davisen Kind of Blue diskoan parte hartu zutenetatik bizirik dirauen bakarra da Cobb eta Donostian Larry Coryell (gitarra) eta Joey DeFrancesco (organoa) izango ditu lagun. Antzokiak ehun urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko gauean jazz eskaintza handia jasoko du: Ray Gelato, Just Friends Quintet, Josetxo Goia-Aribe eta Arantxa Diez...

Jaialdiaren gune nagusian, Trinitate plazan, Marc Ribot gitarrista estatubatuar handiak son doinuak zabalduko ditu Los Cubanos Postizosekin, eta ondoren Melody Gardot abeslari, pianista eta gitarrista estatubatuarra igoko da oholtzara.

Zurriolako hondartzako Agertoki Berdean, Zola Jesus estatubatuar gazteak elektronikatik, pop gotikotik eta indie-popetik edaten duen proposarekin zabalduko du gaua. Ondoren, Dan Bejarrek (Destroyer) David Bowie nahiz Roxy Musici asko zor dioten melodiak eskainiko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.