Ahaztera kondenatutako bertso eta hitzak ahots berrietara ekartzea. Hori izan da Jon Irazabal Gerediaga elkarteko kidearen asmoa. Zaharberritu egin ditu horregatik testuak; ahots berritu. 1936ko gerrarekin lotutako literatura lanak izan dira Tximiniako gauargien arkatzak izeneko ikuskizunaren ardatza. Lauaxeta olerkari eta gudariaren poemak, bi seme fusilatu zizkioten Joxe Zapirain bertsolariaren negarra, eta Julene Azpeitia gerra aurreko eskolako andereñoaren ipuinak txandakatu dituzte. Horiek besteak beste. Lanketa literarioa eman diote Durangoko Liburu eta Disko Azokako areto nagusian egin duten ordu erdiko saioari.
Eneko Sagardoik gidatu du ikuskizuna. Landako tximiniako gauargien paperean aritu da 1936ko gerrako eta gerra osteko giroa deskribatzen. “Gerra bukatu zela aldarrikatu zutenean Burgosen, pentsatu genuen heriotzaren zaldia baretuko zela, baina… oso inozoak izan ginen. Espainia berriak egunero behar zuen bere heriotza eta sufrimenduaren gosaria”. Hala ere, biziraupena da ekitaldian nabarmendu nahi izan dutena. “Egia esan, irautea ez da erraza izan. Erre zituzten liburuak, apurtu zituzten arkatzak, baina ez ziren konturatu arkatzak, apurtuta egon arren, barnean mina duen bitartean idazteko balio duela”.
Deskribapen zorrotza dira Antonio Zapirain bertsolariaren hitzak. Fusilatu aurretik hil kaperako paper batean idatzitakoak omen dira bertsoak. Gerra garaikoak. “Errurik gabe iltzera guaz,/ aita ta anaia maiteak,/ gazte gerala utzi beharra/ dana nahigabez beteak”. Laugarren bertsoko hitzak ere deigarriak dira. “Ez gorrotorik izan inori,/ izan alkarren lagun”.
Joxe Zapirain bertsolariak Bordaxuri baserriko atarian jaso zuen bi semeren heriotzaren berri. Hil egin zituzten. Justo Alberdik kantatu ditu haren bertsoak. “Leku askotan jarri dituzte/ tristura eta negarrak,/ lehen amar lagun giñan etxian/ ta orain hiru bakarrak”. Zorrotz deskribatzen du gertatutakoa. Apaindura handirik gabe. Gordin, hirugarren bertsoan: “Bi seme hilak, beste bi preso,/ beste bi non dan jain ez./ Nire bihotza tristuran dago/ ezin sendaturik minez”.
Entzun dira aginduzko hitzak ere. "Paperezko fusilak” deitu dituzte. Durangoko komandante militarrak idatzitakoak, adibidez. Elizan euskaraz aritzeko mugak, dantzaldiak egiteko debekua… 1938ko martxoaren 30ekoa da berez eskutitza, “Garaitzaren bigarren urtekoa”, aldiz, hark idatzitakoaren arabera.