Ahotsarekin, beste pauso bat

Joseba B. Lenoirrek 'Tenpesta' lau abestiko blues-rock kutsuko diskoa osatu du, eta soilik biniloan kaleratu

Igor Susaeta.
Donostia
2013ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Joseba B. Lenoirrek bazeuzkan bi disko argitaratuta: Instroak Vol. 1 (Autoekoizpena, 2012), eta haren segida Instroak Vol. 2 (Gaztelupeko Hotsak, 2013). Instrumentalak biak, folk estatubatuarretik edaten dutenak. Azkenekoa kaleratu ondotik, ordea, argi zeukan hurrengoaren kantu batzuei ahotsa ere gehituko ziela. «Etorkizunean disko abestu bat ondu aurretik zubi lana egiten duen lana da hau». Tenpesta-z mintzo da. Haren bakarkako hirugarren diskoa da, Gaztelupeko Hotsak-ekin soilik binilo formatuan plazaratutakoa, eta horren blues-rock kutsuko lau abestietako hirutan abestu du Lenoirrek. Ahotsa sartuta, beraz, beste pauso bat eman du bere ibilbidean.

Sexty Sexers, Izaki Gardenak eta Sumision City Blues taldeetako kidea ere bada Lenoir —J. B. Lenoir bluesmanaren omenez aurkezten du hala bere burua Joseba Baleztena beratarrak—, eta aitortu izan du orain urte batzuk ikusten zuela bere burua gitarrista eroaren rolean sailkatuta. «Beste musikarientzat ere horixe nintzen, musikaria izan beharrean». Baina orain kantugilea eta kantaria ere bada. Abesteari —eta hitzak osatzeari ere bai—, errespetu handia zion. Beldurra ematen zion erdipurdiko zerbait egiteak. «Gero grabatuta gelditzen da, eta bizitza osoan aurre egin behar diozu horri». Hasi zen, halere, kantu batzuei hitzak jartzen zuzenekoetan, eta disfrutatzera ere heldu zen. Halere, abesti askoren ahots melodiak aspalditik zeuzkan buruan.

Hain zuzen, diskoaren izen bera duen abestia da hitzik ez duen bakarra. Beste hirurak Erraietatik erran, Ez zaitut behar eta Itsu eta biluzik dira. Lenoirrek jo ditu instrumentu guztiak —gitarrak, teklatuak, baxua, banjoa eta pianoa— bateria izan ezik. Langintza horretan Aitor Goikoetxea —Berri Txarrakeko kide ohia, egun Sons of Wooden dabilena— aritu da Erraietatik erran-en, eta Felix Buff (Willis Drummond) gainontzekoetan. Abestiak Iñigo Irazokiren estudioan grabatu dituzte, Saran (Lapurdi).

Disko luzeago bat egitea zeukan buruan. Baina Xabier Sagastarekin elkartu zen behin Lenoir, eta Instroak Vol. 2diskoaren diseinuaren egileak adierazi zion bazuela ideia bat hurrengo lanerako. «Esan zidan EP bat izan beharra zeukala. Gaztelupeko Hotsakekoek ere gauza bera proposatu zidaten. Eta horrelako gauza bereziei ezin zaie ezetz esan», aitortu zuen Lenoirrek joan den astean Donostian, diskoaren aurkezpenean. Halere, ez du baztertzen etorkizunean formatu berari eustea. «Diseinu zaindukoa, biniloan abesti batzuk... Funtziona dezake. Ez dizu aspertzeko denborarik ematen, diskoa konturatu orduko bukatzen delako». Gainera, edizio fisikoari berari garrantzia ematen dio Lenoirrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.