Egilea: Paul Auster.
Itzultzailea: Oskar Arana. Argitaletxea: Alberdania.
D agoeneko ez gaitu harritzen Paul Austerren publikatze erritmoak. Ia urtero-urtero nobela bat eskaintzen digun autorea dugu. 2009an Ikusezin izan genuen, eta 2010aren hondarrean, Sunset Park, beti bezala Oskar Aranaren itzulpenaren eskutik.
Nobela berriaren istorioak Miles Heller izeneko 28 urteko gaztea du protagonistatzat. Miles Floridan bizi dela abiatzen da nobela, eta zenbait gertaera bitxien kariaz New Yorkera itzuli beharko du —Miles jaiotzez newyorktarra baita—. New York hiriko Sunset Park auzo degradatuko etxe okupatu batean ipiniko da bizitzen bere lagun zahar Bing Nathan dela medio. Nathanez gain, tesia idazten ari den Alice Bergstrom eta Ellen Brice erdi-pintorea izango dira haren pisukideak. Horiez gain, Floridan ezagutu zuen hamazazpi urteko neska-laguna —Pilar Sanchez— eta haren guraso bananduak dira —Mary-Lee Swann ama antzezlea eta Morris Heller aita editorea— nobelako pertsonaia nagusiak.
Mikhail Bakhtin literatur teoriko eta kritiko handiak esan zuen nobela modernoaren ezaugarrietako bat haren polifonia zela; hots, oso-oso labur eta zabarki esanda, pertsonaia eta ahots ezberdinen ikuspegien agerpena nobela berean. Fiodor Dostoievski ipintzen zuen polifoniaren adibide argigarritzat. Bada, bere erara, esan daiteke Sunset Park ere nobela polifonikoa dela bete-betean. Aipatu pertsonaia ezberdinen ikuspegitik (edo fokalizaziotik, terminologia zehatzagoa erabiltzearren) kontatzen baita istorioa. Pertsonaia nagusia izan arren, ez da Milesen ahotsa kontaketaren zama eramaten duena. Forma hori aski esplizitua egiten da bigarren zatitik —Bing Nathan eta konpainia— aurrera, non kapitulu bakoitzean pertsonaia ezberdinen nondik norakoak narratzen baitira. Kristal hautsien moduan ematen zaizkio irakurleari, beraz, zati diferenteak, eta denen arteko lotura eta puntu komunekin osatzen da, nolabait, kontaketa guztia. Dudarik gabe, ezaugarri fragmentario eta jori hori aski ezaguna egingo zaie Austerren literatur zaleei, baina haatik, artefaktuak nahiko ongi funtzionatzen duela iruditu zait, Ikusezin-ekoak baino hobeto, gertuen dagoen adibidearekin konparatzearren.
Istorioa gure garaian kokatua dago erabat, 2008 urtearen bueltan, eta gaurkotasun handiko gaiak sentsibilitate eta argitasun handiz azaltzen dira. Krisi ekonomikoak berak nahiko garrantzia du batez ere Morris Hellerren zatian, Heller Books argitaletxeak bere eragin nabaria jasango baitu. Alde batetik, Sunset Park-ek badauka alde argitsu bat, Austerren kontakizun gehienetan topatzen dena, alde ameslari eta inspiratu bat, gaztetasunaren, askatasunaren —etxe okupatua—, artearen —literatura, zinema...— aldarri dena. Baina badauka beste alderdi makurrago bat, pertsonaia guztiek baitute zer-edo-zer ezkutatzeko, zer-edo-zer galdu, inmoral, irrazionalen bat. Miles bera da horren adibide, Floridara New Yorken jazotako gertakari baten estiratik ihesi joan baitzen. Bien artean sexualitatearen ehuntze konplexu eta interesgarri bat aurkitu daiteke.
Austerren nobelek zulo ugari izaten dituzte begirada errealista-tradizional batetik begiratuz gero. Sunset Park ez da salbuespen. Gertakari asko ez dira ongi justifikatzen, pertsonaia gehienek puztuak dirudite, beharrezko neurritasun eta zehaztasunik gabe eraikiak. Horregatik egoten dira haren kontakizunak sarri sinesgarritasun literarioaren mugan. Aitor dut duela hamar urte Austerren proposamenek interes handiagoa pizten zidatela orain baino. Nolanahi den, Sunset Park da, ziur asko, haren azken nobeletatik gustu handienaz irakurri dudana.
Literatura. 'SUNSET PARK'
Ahotsen amaraunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu