IRAKURLEA ETA HEDABIDEETAKO KRITIKAK

Ahoz ahokoaren eta gustuaren azpian

Hedabideetako literatur iruzkinen eraginaren inguruan eszeptikoak dira idazleak, kritikariak eta editoreak. Kritikaren legitimitatearen galera eta kritikariek jarraikortasunez lan egiteko dituzten zailtasunak aipatzen dituzte hedabideetako arazo nagusien artean.

Juan Luis Zabala
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Aldeko kritikak liburuaren salmentan eragin positiboa izan dezakeela uste badu ere, eragin hori neurtzen «oso zaila» dela dio Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editoreak. «Nire irudipena da ahoz ahokoak gehiago funtzionatzen duela». Ibon Egaña kritikaria ere eszeptikoa da kritiken eraginaz. «Gutxi samar dira euren kasa, afizioz, literatura irakurtzen dutenak, eta bestelako eragileek erabakitzen dute zer irakurtzen den: eskolek, euskaltegiek, hedabideek...». Ur Apalategi idazlearen iritzia ez da oso bestelakoa. Kritikak salmentetan «eragin gutxi» duela uste du, «eta daukanean txarrerako, kritika txarra denean erosle potentzialaren erosteko nagikeria definitibo bihur lezakeelako».

Editore gisa, Sotok ez du uste idazle batek jasotako kritika negatiboek editoreak idazle horren beste obra bati emango dion erantzuna baldintza dezakeenik. «Kritikak obra bati buruzkoak dira, eta editoreak egilearen hurrengo proiektua jasoko du. Baliteke liburu txarra idatzi izana idazleak, eta hurrengoa ona izatea».

Idazle batek irakurleen aurrean izan dezakeen prestigioan ere ez du eragin erabakigarririk kritikak, Ur Apalategiren ustez. «Idazleari prestigioa eman baino gehiago, idazle horren prestigioa zertan den erakusten dute kritika gehienek, oharkabean gainera. Prestigioaren termometro dira, prestigio emaile bezainbat. Liburua eta egilea aurkezteko moduak -nahiz gero bukaeran obra egurtu-, asko dio idazleak daukan edo ez daukan estatusaz».

Kritikaren legitimitatea inoiz baino gehiago jartzen da zalantzan gaur egun, Egañaren ustez. «Gustua nagusitzen ari da irizpideen gainetik, eta gustua -irizpideak, formazioa, eskarmentua eta abar ez bezala- edonork duenez, edonork du liburu baten inguruan iritzia emateko aukera. Gustua kalitatearen gainetik jartzeko arriskua dakar horrek,edo merkatuaren apetek literatur irizpideei gaina hartzekoa».

Kritikaren kalitateari dagokionez, egungo arazo nagusietako bat kritikarien jarraikortasun falta da, Sotoren ustez. «Niri iruditzen zait kritikariek presio handia sentitzen dutela, eta presio hori gabe, askatasunez, hobeto egingo luketela beren lana. Oso gogorra da kritikari izatea, esker txarreko lana, eta kritikak egiten hasten direnek urtebete edo iraun eta gero utzi egiten dute normalean».

Jarraikortasunik gabe zaila da kritikariarentzat Ur Apalategik harengandik espero duena lortzea. «Nik prentsako kritikoarengan estimatzen dudana da linea bat edukitzea. Bere unibertso propioa izatea, bere nortasunetik abiatzea kritika egiterakoan. Ez naiz beti ados egongo bere iritziekin baina behintzat horrela badakit nondik egiten duen kritika».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.