Etxepare Euskal Institutuak Ahozko Euskal Literaturaren Antologia argitaratu du, Xabier Payak prestatua eta hiru hizkuntzatan emana liburu bakarrean: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Etxepare Euskal Institutua argitaratzen ari den Euskal Antologiak saileko hirugarren liburua da Payak apailatutakoa. Aurreko biak Mikel Aierberen Euskal Narratiba Garaikidea. Katalogo bat eta Jone Arroitajauregiren Euskal Haur eta Gazte Literatura dira. Joxerra Garziaren hitzaurre bat ere badu liburuak, egileak berak idatzitakoaz gain.
Ahozko euskal literaturak bere gaur arteko historia luzean emandako piezarik interesgarri eta esanguratsuenetako batzuk biltzeaz gain, haiek generoka sailkatzeko ardura hartu du, antologiaren egile gisa, Xabier Payak. Zortzi genero nagusi bereizi ditu horretarako: bertsolaritza (bat-bateko bertsolaritza eta bertso-paperak bereiziz horren barruan), koplak, genero epiko-lirikoa (herri lirika, narrazioak eta ele zaharrak, kantu epikoak eta baladak), herri antzerkia (pastorala, maskaradak eta irri antzerkia), heziketa generoa (haur jolasak, sehaska kantak eta igarkizunak), egunerokoak (txisteak, zirtoak eta atsotitzak), genero errituala eta genero aplikatuak (sermoiak eta beste).
Herri tradizioko pieza askorekin batera, lehengo nahiz gaur egungo bertsolari ezagunenak ere jaso ditu Payak antologian, jatorrizkoan ez ezik gaztelaniara eta ingelesera itzulita.