«Ahozkotasuna aztertzeko beharra mundu osokoa da»

Ahozko komunikazioan dihardutenekin egoeraren diagnostiko erreala egitea izango da ahozkotasunaren gaineko kultur zentroko zuzendariaren lehen egitekoa.

Ainhoa Oiartzabal Azketa.
Villabona
2009ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Joan den astetik, egunero egiten du Josune Zabalak (Donostia, 1978) Errezil bizilekutik Villabonarako bidea (Gipuzkoa). Hango Subijana etxean du bulegoa, bertsolariek Etxe Zuria izenarekinbataiatu duten eraikin argitsueta funtzionalean. Bertsozale Elkarteko eta Xenpelar Dokumentazio Zentroko langileekin partekatzen ditu hala lan espazioa nola komunikazioari buruzko gogoetak.

Hasi da martxan Mintzola ahozkotasunaren gaineko kultur zentroa. Zein helburururen atzetik?

Bi helburu nagusi ditu Mintzolak: batetik, iraganari begiratzea eta iragana ikertzea, iraganean zer aztertu den kontuan hartzea. Adibidez, bertsolaritzari buruz asko ikertu da, baina oraindik falta zaigu antzerkigintza, maskarada, balada eta beste genero batzuen inguruan gogoeta egitea.

Bestetik, etorkizunari begiratzea dugu helburu: gaur egungo gizarteak dituen premia berriei nola erantzun diezaiokeen bilatu behar du Mintzolak. Hor genero berriak ditugu: Internet, irratia, zinema, antzerki berria, jendaurrean hitz egiteko beharra maila profesionalean... Hor ikusi behar da zer ikertuko den orain arte eta zer ikertu beharko litzatekeen dauden hutsuneei erantzuteko.

Iragana aztertzeak etorkizunean erantzun batzuk aurrera eramaten lagunduko digula uste dugu. Beraz, ez dugu aurrena iragana aztertuko eta gero etorkizuna; jarraikorra izango da lana.

Generoetan banatu dituzu ahozkotasunaren adierazpenak. Zehaztu edo mugatu duzue zein genero aztertuko dituzuen?

Zerrendaturik ditugu batzuk, baina zerrenda ez dago inondik inora itxita. Momentu honetan, gaiak paperean daude jarrita, baina, oraingoz, lurreratu gabe daude. Hurrengo pausoa izango da gaiak lurreratzeko eman beharreko pausoa; hau da, gai horiek jorratzen dituzten elkarte, eskola, unibertsitate, erakunde... horiekin guztiekin harremanetan jartzea, diagnostiko handi bat egiteko.Mapa erreal bat egiteko ikertu denaz, ikertzeke dagoenaz eta bultzatzen edo egiten denaz. Horren arabera diseinatuko ditugu proiektuak.

Eta zein proiektu egin, lehentasunak nola jarri, zer irizpideren arabera ezarriko dituzue?

Diagnostikoaren arabera. Lehentasunak ezartzea ez dago Mintzolako zuzendariaren esku; beste erakunde horiekin koordinatzeko sortuko den lan taldeak zehaztuko du hori dena. Orduan erabakiko da zerk duen lehentasuna. Ez bakarrik premiaren arabera, baita baliabideen arabera ere.

Bertsozale Elkartearekin partekatzen duzue eraikina, eta bertsolaritzatik sortu zen Mintzolaren proiektuaren ernamuina. Pisu berezia izango du bertsolaritzak?

Joxerra Gartziak Mintzolari buruz egin zuen proiektuan pisu berezia eman zion Bertsozale Elkarteak egin zezakeen ekarpenari. Irudipena da Bertsozale Elkartea dela gaur egungo Mintzola txiki, etorkizuneko Mintzola handiaren ispilu izan daitekeena. Proposamena da Bertsozale Elkartearen funtzionamendua, lan egiteko era, filosofia eta eginiko ikerketa lanak aintzakotzat hartzea. Hau da, etorkizuneko Mintzola horri begira eredu gisa hartzea Bertsozale Elkartea. Izan ere, elkarte horrek bertsogintzaren tradizioa aztertzen ez ezik gaur egungo beharrei erantzuten dihardu.

Horri lotuta, Xenpelar Dokumentazio Zentroa zabaldu, osatu egingo luke Mintzolak. Bertsolaritzari lotutako dokumentazioa ez ezik, beste genero batzuen kabi izan dadin nahi dugu. Espero dugulako etorkizunean ikerlariak etorriko direla Mintzolara.

Elkarlana izango duzue oinarri. Ez duzue ente bat izan nahi.

Inondik inora. Asmo nagusia elkarlana da. Sare bat egin nahi dugu, non Mintzolak lotura izango duen beste elkarteekin, eta non erakundeak harremanetan egongo diren ezagutza eraikiz edo zuzenean eraginez gizartean. Gure hizkuntza hizkuntza gutxitua izanda, horren behar handia dugu.

Hala ere, beharra ez da Euskal Herrikoa bakarrik; ahozkotasuna aztertzeko beharra mundu osokoa da. Orain arte idatzizko hizkuntzari begiratu izan zaio, baina hizkuntzari buruz XX. mendean hasitako ikuspegi berriak jada hasi ziren egoera soziolinguistikoari eta antzeko aldagaiei garrantzia ematen. Ziurrenik, ikus-entzunezkoek eraginda hartu zuen indarra ahozko komunikazioak. Genero berriak agertu zirenean, alegia.

Euskarazko ahozkotasunean zehazki, zertan sumatu duzue hutsik handiena?

Euskararen idatzizko tradizioa berandukoa da, XVI. mendean hasi zen euskara idazten. Ordura arteko ibilbide luze horretan ahoz komunikatu da, ahoz transmititu da jakintza, kultura, bihotza... dena. Goazen hori dena ikustera. Eta, aldi berean, goazen gaur egungo premiei erantzutera.

Adibidez, 80ko hamarkadan pentsatzen zen eskolan irakatsi eta gero haurrek hitz egingo zutela euskaraz. Orain ikusi da, ordea hori ez dela horrela gertatzen. Zergatik? Beharbada ez diegu irakatsi hitz egiten lagunartean edo jendaurrean. Apunteak hartzen aritu dira, edo irakasleari entzuten jardun dute. Ez da bultzatu jarduna bera, izan formala izan lagunartekoa.

Zein ereduri jarraituko diezue munduan?

Genevako Unibertsitateko irakasle Jean Paul Bronckart ikerlariaren teoriak, adibidez. Hark ere generotan banatzen du komunikazioa, eta genero bakoitza deskribatu. Idatzizko zein ahozko hizkuntza aztertzen ditu, eta, horrez gain, tresna pedagogikoak ematen ditu hori garatzeko. Haren ikerketa nagusia hizkuntzaren jabekuntzan oinarritzen da, eta hori didaktizatu egiten du ondoren. Aintzat hartu ditugu John Foley ikerlariaren ekarpenak ere; Center for Studies in Oral Tradition elkartean egiten du lan John Foleyk, AEBetako Missouriko Unibertsitatean.

Ba al da guretik gertu halako beste zentrorik? Aitzindariak zarete?

Ez nintzateke ausartuko hori esatera, baina ezaugarri horiek biltzen dituen unibertsitatetik kanpoko halako zentro bat nahikoa berritzailea bada. Ezagutza garatzeaz gainera gizarteratu egin nahi dugu, eta nik ez dut halako zentrorik ezagutzen.



Ikus-entzunezko debateei buruzko tesia prestatzen

Aurrerantzean Mintzolan lana erruz izango duela jakitun, pena pixka batekin dio ez duela bere doktore tesirako nahikoa denbora izango. Oraindik argia zertan jarri erabaki ez badu ere, ikus-entzunezko komunikabideetan gazteek alde batetik eta helduek beste alde batetik nola debatitzen duten ikertzen ari da Zabala doktore ikasketak amaitzeko. 2002an lizentziatu zen EHUn Euskal Filologian, eta 2005ean Hizkuntzak Kudeatzeko Unibertsitate Aditu Tituluaren graduondokoa egin zuen Mondragon Unibertsitatean. Han bertan izan da irakasle eta aholkulari, eta, egun, besteak beste, EHUko Euskararen Jabekuntza eta Erabilera ikerlari taldeko kide da Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.