Egun osoan albistea komunikabideetan eta sare sozialetan hizpide izan da, baina Gerediaga elkarteak iluntzera arte itxaron du azaltzeko zergatik ez dion kontratua berritu Aiert Goenagari. Ohar baten bidez adierazi du Durangoko Liburu eta Disko Azoka ez dela "sekula izan, ezta izango ere" inoren proiektu pertsonala. "Azoka ez du zuzendariak bakarrik egiten, lantalde osoak baino. Geure ia mende erdiko historian horrela egin izan dugu beharra eta era horretara lanean segitu gura dugu datozen urteetan ere".
Hain zuzen ere, azkeneko urteotako bideari eutsiko diola nabarmendu du azoka antolatzen duen elkarteak."Azokaren proiektuak norabide bera izango du. Aurreko urteotan urratzen hasitako bideari eutsiko dio Gerediaga Elkarteak, sasoi berrietara egokituta, azokari eutsiz, eta gune guztiak indartuz. Hortaz, koordinazio mahaiak jarraipena edukiko du". Horri lotuta, aurrerantzean ere kultur eragileekin lan egiten segitzeko asmoa azaldu du Gerediagak
Gerediagaren arabera, 2012ko azoka arrakastatsua izan zen, eta milaka lagun izan ziren Durangon. "Baina uste baino galera ekonomiko handiagoa eduki dugu. Hau guzti hau aintzakotzat hartuta, Gerediaga Elkarteak erabaki bat baino gehiago hartu behar izan du eta, euren artean, Aiert Goenagari zuzendari kontratua ez berritzea".
Aiert Goenagak Azokaren eredu berria finkatzen "ahalegin handiak" egin dituela dio Gerediagak bere oharrean. "Baina zoritxarrez, ez du zintzo jokatu Gerediaga Elkartearekin". "Elkarte txikia da gurea, eta erabaki zaila izan da. Jakitun gara, gainera, euskal kulturgintzan eragin duen kezka handia izan dela, baina erabakia errespetuz hartzea eskatu gura dugu eta, era berean, urte luze hauetan erakutsitako konfiantzari eustea nahiko genuke".
Jon Irazabalen lekukoa hartu zuen Goenagak (Ondarroa, 1981), 2011ko Durangoko Euskal Liburu eta Diskoko Azokaren ondoren. Azokaren antolatzaileek oharrean emango dituzte kargugabetzearen arrazoiak. Orain hilabete batzuk ere, iazko azoka egin baino lehenago, bolo-bolo ibili zen zurrumurrua.
Goenaga Lea-Artibai eta Mutrikuko eta Busturialdeko Hitzetako kudeatzaile izana da, baita Gaindegia elkartean eta Euskal Herriko Behatoki Sozioekonomikoan proiektu koordinatzaile ere.
Albisteak erreakzio ugari sortu ditu sare sozialetan. Segidan, horietako batzuk:
[Storify]http://storify.com/Berria/aiert-goenaga-durangoko-azokako-zuzendaritzatik-at[/Storify]