Espero bezala, Jon Irazabalek Durangoko Azokako zuzendari izateari utziko dio gaur amaituko den aldiaren ostean, eta Aiert Goenagak hartuko du lekukoa. Lehen balorazioa egin du gaur Durangoko Euskal Liburu eta Diskoko Azokaren antolatzaile den Gerediaga elkarteak, eta hori eman dute albistea.
Irazabal azokan lanean hasi zen urte berean jaioa da Goenaga, 1981ean, Ondarroan (Bizkaia), Lea-Artibai eta Mutrikuko eta Busturialdeko Hitzetako kudeatzale izana da, baita Gaindegia Elkartean eta Euskal Herriko Behatoki sozio-ekonomikoan proiektu koordinatzaile ere.
”Estrategia aldaketa” gauzatzen hasi da aurten Gerediaga elkartea Durangoko Azokan Goenagak azaldu duenez. Disko eta liburu azoka moduan sortu bazen ere, argi dute literatura irakurtzeko eta musika entzuteko formatu berriei ez ezik, kultur sorkuntzaren beste diziplina eta adierazpenei ere lekua egin behar dietela.
Irazabal, ahal duen laguntza guztia emateko prest
Gerediaga Elkarteak eskerrak eman dizkio Irazabali gaur, eta liburu elektroniko bat eman diote opari. Irazabalek esan du zuzendari kargua utzi arren, Gerediaga Elkartean jarraituko duela lanean, eta Durangoko Azokari ahal duen laguntza guztia emango diola esan du.
Atzora iluntzera arte Landakon jarritako neurgailu termikoek 105.000 bisitari jazo zituztela jakinarazi du Irazabalek, eta egun nagusian, asteartean, 40.000 bisitari izan zirela gaineratu du. Aurtengoa 46. aldia du Durangoko Azokak, eta izan dituen gune berrien arrakasta ere handia izan da antolatzaileen ustez.
Gotzon Barandiaran Ahotsenea gunekoak ere eurenean jendea erruz izan dela esan du. Gaur ere jende asko dabil, Juan Luis Aizpurua BERRIAko kazetariak Berriketan.info sare sozialean azaldu duenez: "Zaila da Landakoguneko kaleetan aurrera egitea. Jendeak ez du alferrik galdu nahi izan hona etortzeko (edo hona itzultzeko) azken aukera".