Luzaiden (Nafarroa) aurkitutako dokumentu zahar bat da diskoaren abiapuntua. Kantaz kanta deskribatzen da bertan XIX. mendeko erromeria bat, eta egitura hori errespetatuz osatu dute diskoa Aiko taldeko kideek. Jauziak lehenik, elkarrekin dantzatzeko piezak ondoren (ingurutxoak, baltsak, kontradantzak...) eta, amaitzeko, berriz ere jauziak. Propio sortu dituzte kantu guztiak diskorako, baina tradizio hori kontuan harturik aritu dira. Dantza egiteko disko bat sortzea izan da helburua, azaldu dutenez. “Gaur egun dantzatzeko musika da, nostalgiarik gabe. Tradiziotik sortutako musika, zeren tradizioa berritu egin behar da, eta berritu egiten da etengabe”. Esaldi batean laburbildu du taldearen jarrera Sabin Bikandi musikariak: “Tradizioa garaikidea da. Orain gertatzen den gauza bat”.
Orain sei urte sortu zuten Aiko hainbat musikari eta dantza irakaslek. Eta erromeria “gizarteratzea” izan da haien asmoa hasieratik. Zabala da horregatik tradizioaz egiten duten irakurketa. Likidoa, kasik. “Gure dantzak dira gure sentitzen ditugunak. Gaur egun egiten ditugunak”, dio Bikandik. Propiotzat defenditu ditu horregatik ranchera-k, txotisak edo bestelakoak. “Tradizioa argazki finko gisa ulertzeak arazo asko ematen ditu”. Patxi Laborda dantzariak umoretsu azaldu du taldearen ikuspuntua: “Tradizioa ezin da izan argazki bat, izatekotan ere, izan behar da bideo bat”. Mugimenduan den zerbait, alegia.
Pirinioetara begira jarri dira oraingoan. Inguru hartan tradizio handia duen ttunttuna izeneko hariak eta perkusioa batzen dituen tresna baliatu dute kantak sortzeko oinarri gisa. Oso musikari ohikoa da ttunttuneroa Pirinio inguruetan, eta ttunttunarekin batera, txistua ere jotzen du normalean. Beste bi tresnarekin ere izaten da maiz, eta hirukote gisa osatu dituzte horregatik kanta guztiak: ttunttunarekin (Sabin Bikandi), danborrarekin (Asier Garcia) eta biolinarekin (Ainara Artetxe). Pirinio inguruetatik hartu dute diskoaren titulua ere: Bilgura. Hori da Nafarroako Pirinio inguruan artzainen bilkurak izendatzeko erabiltzen duten izena. Eta hori da diskoari izenburua emateko hautatu dutena ere.
Dantzatzeko dantza
Dantza da diskoaren funtsa. Eta entzuteko baino gehiago, dantzatzeko lana dela diote taldeko kideek horregatik. Dantza, bai, baina dantzatzeko dantza, zehaztu dutenez. Eta badu bere garrantzia zehaztapenak. “Dantza ez da ikuskizun bat plazan. Ongi pasatzeko eta jendearekin harremanetan jartzeko modu bat baizik”, azaldu du Labordak. Diskoko kantekin grabatutako bideoak dira horren lekuko. Kanta guztiak jarri dituzte sarean. Laborda: “Bideo hoiek ez dute asmo pedagogikorik. Egin genuen erromerian izandako giroaren lekuko dira”. Badira irudietan dantzari finak, baina badira hain finak ez direnak ere. Erratu eta barrez dabiltzanak. Eta hori dela plazako dantza. Hori dela erakutsi nahi zuten giroa.
Zuzenean ere arituko dira. Ekainaren 1ean Markinan izango dira, 19:00etan. Ekainaren 2an Urbiako larretan izango dira, eguraldi ona izanez gero. Bi emanaldi izango dituzte ekainaren 8an. Esozian goizez, Soraluzen (Gipuzkoa), eta Donostiako Konstituzio plazan arratsaldez. Eta Dantzazale Eguna festaren barruan ere izango dira ekainaren 22an, Durangon (Bizkaia).