Heriotza

Aime Cesaire idazle eta politikari martinikarra hil da

Belztasunaren kontzeptuaren sortzaileetakoa izan zen, kolonialismoari eta asimilazioari aurre egiteko. Pentsaera hori zabaltzeko bide izan zuen literatura.

2008ko apirilaren 17a
17:35
Entzun
94 urte zituela hil da gaur Aime Cesaire idazle eta politikaria (Basse-Pointe, Martinika, 1913).

Lehen urteak eta ikasketak Martinikan egin ondoren, 18 urterekin Paris metropolira joan zen, Frantziako Gobernuak emandako beka batekin. Afrikatik eta Antilletatik joandako beste ikasle batzurekin harremanetan jarri zen han, eta harreman horretan mamitu zen belztasunaren kontzeptua. Hain zuzen ere, jatorri afrikarraz eta kultura horren baliagarritasunaz jabetzeko aukera eman zion ikaskideekin izandako harreman horrek, etabelztasuna aldarrikatzen hasi zen kolonialismoari eta asimilazioari aurre egiteko tresna gisa. "Zapalduen arrazakoa naiz", esan bide zuen.

Martinikara itzultzean, 1939an, plazaratu zuen lehen poema liburua Cahier d'un retour au pays natal (Sorterrirako itzuleraren kaiera), belztasunaren aldarrikapena. Ondoren, beste hainbat poemario, antzeslan eta saiakera idatzi zituen.

Arlo politikoan ere ibilbide luzea egin zuen, eta maiz, pentsamendua zabaltzeko tresna gisa erabili zuen literatura. Frantziako Alderdi Komunistako kide izan zen 1945etik 1956era, eta hura utzi ondoren, Martinikako Alderdi Progresista sortu zuen 1958an. Fort-de-France hiriburuko alkate izan zen 2001 arte, eta Frantziako Legebiltzarreko kide 1993 arte. Autonomia eskatzen zuen Martinikarentzat. Hori dela eta, gorabeherak izan zituen Martinikaren independentzia eskatzen zuten sektoreekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.