Soslaia. Whitney Houston

Aingeru eroria

mikel lizarralde
2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Zulo pertsonal eta artistikotik atera nahian hil da Whitney Houston.Azken urteetan, haren bizitzaamesgaiztoa bihurtu zen, eta hori atzean uzteko ahaleginean ari zela hil da. 80ko hamarkadan pop musikaren izar handia bilakatu zen kantari gaztea, The Bodyguard-ekin zinemara salto egin eta salmenta errekor guztiak gainditu zituen emakumea, 170 milioi disko saltzera iritsi zen artista tuneleko ilunpean zegoen, eta handik guztiz irten gabe joan da. 2011ko uztailaren 23an Amy Winehousek, musika beltzari lotutako beste kantari batek, agur esan zuen bezala.

Houston oso egun esanguratsuan hil da: Grammy sariak banatzeko ekitaldiaren bezperan. Sei sari jaso zituen bere bizitzan kantari estatubatuarrak, eta atzo Los Angelesen egindako galan haren espiritua oso presente egon zen, hala hitzaldietan nola musikan.

Whitney Houston (Newark, New Jersey, 1963; Los Angeles, 2012) musika beltzekodiva handienetako bat izateko ezaugarri guztiekin jaio zen. Cissy ama gospel kantaria zuen, eta Dionne Warwick handia, izeba, 60ko hamarkadan Burt Bacharachen melodiei ahotsa jarri zien emakumea. Aretha Franklin ere familiaren laguna zen. Eta horretaz guztiaz gain, gospelaren tradizioan hezitako ahots ikaragarria zuen, erregistro ugaritara irits zitekeena.

Bill Laswellen Material abangoardiako funk-jazz proiektuaren disko bateankantatu zuen lehen aldiz ahots gonbidatu gisa, 1982an, eta hurrengo urtean, Arista diskoetxeko Clive Davisek klub batean deskubritu zuen. Soularen tradiziotik zetorren arren, Houstonengan pop izar baten moldea aurkitu zuen Davisek, eta haren intuizioak ez zuen huts egin. Whitney Houston (1985) eta Whitney (1987) diskoek arrakasta izugarria izan zuten, eta pop komertzialean eta R&B-ean mugitzen ziren kantarien artean, ospetsuena bilakatu zuten Houston.

Munduko izar bihurtuta, 1992an, Kevin Costnerrekin batera The Bodyguard filma egin zuen. Gailurrean zegoen. Eta Dolly Partonen I Will Always Love You kantuaren bertsioaren oihartzun izugarriak hori bera irudikatu zuen: ordura arte pop musikaren historian gehien saldutako singlea izan zen.

Hortik aurrera, haren ibilbidea gorabeheratsuagoa bihurtu zen. Bobby Brown kantariarekin ezkondu zen, zinemara bideratu zituen bere ahaleginak, baina lehendabizikoz, prentsa sentsazionalistaren eremuetan ere sartu zen. 2000an atxilotu egin zuten, Hawaiin, maletan marihuana zuela egotzita, eta bi urte geroago onartuko zuen kokaina eta beste hainbat droga kontsumitzen zituela. Hain zuzen ere, azken urteak errehabilitazio zentroetatik sartu eta irten igaro zituen, baina segitzen zuen musikari lotuta.BobbyBrownengandik banandu zen, eta azkenaldian gogotsu ikusten zitzaion, berriro ere bere ibilbideari ekiteko prest. Larunbatean, ordea, hautsi egin zen amets hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.