Aita Donostia musika asterako, Haegersten abesbatza gonbidatu dute

Lorenzo Ondarra musikagilea omenduko du Aita Donostia abesbatzak aurtengo jaialdian

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Aurten, Haegersten Suediako ganbera abesbatza gonbidatu dute Aita Donostia musika astean parte har dezan. Larunbatean hasiko da jaialdia, eta Suediako abesbatza hori datorren asteko ostiralean izango da entzungai, musika astea amaitzeko.

Gotzon Arrizabalagak zuzendutako Concerto Donostiarra taldeak hasiko du jaialdia, larunbatean. Johann Sebastian Bach musikagilearen abesbatzentzako lanak kantatuko dituzte. Igandean, Errenteriako Landarbaso abesbatzak kontzertua emango du, Iñaki Tolaretxipiren zuzendaritzapean eta Jorge Vidriales bakarlariaren parte hartzearekin.

Ainhoa Zubillaga mezzo-sopranoak eta David Azurza kontratenorrak abesti sorta bat eskainiko dute astelehenean, Donostiako kaputxinoen elizan. Zubillagak Giulio Caccini, Friedrich Handel, Franz Schubert eta Gustav Mahler eta Bachen piezak abestuko ditu.

Asteartean, Musikene izango da protagonista, izan ere, bertako Quinteto Atelier taldeak kontzertua eskainiko du. Asteazkenean Orfeoi Txiki Txikiko, Orfeoi Txikiko eta Orfeoi Gazteko abeslarien lanak entzungai izango dira, eta ostegunean David Azurzak eta Debora Herrerok Giovanni Battista Pergolesiren Stabat Mater eskainiko dute, Loreto Fernandez Imaz eta Francisco Herrero musikariekin batera. Bestalde, Aita Donostia abesbatzak Lorenzo Ondarra musikagilea (Bakaiku, 1931-2012) omenduko du hainbat abesti interpretatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.