Zinema. Estreinaldiak

Aitaren erailketak piztuko du

Paolo Sorrentinok 'This Must Be the Place' zuzendu du, eta Sean Penni eman dio protagonistaren rola

Sean Penn, This Must Be the Place-ko eszena batean. BERRIA.
Igor Susaeta.
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Rock izar bat izandakoa da Cheyenne (Sean Penn). Egile eskubideen mozkinek ematen diote dirua, eta etxetik milaka kilometrotara bizi da, Irlandan, agertokietako fokuetatik urrun; aspertu antzean, gainera. Gutxi hitz egiten du, eta, gainera, nahiko baxu. Bat-batean, ordea, bizitza irauliko dion albiste bat emango diote: aita erail dute. Hiltzailearen bila abiatuko da Cheyenne AEBetara, eta horrek piztuko du haren bizimodu barnerakoi eta aspergarria.

Gertaera horrek abiarazten du This Must Be the Place Paulo Sorrentino zinemagilearen filma. Le conseguenze dell'amore (2004) eta Il Divo (2008) laudatuak zuzendu ondoren, jendea italiarraren hurrengo filmaren zain zegoen. Iazko Cannesko (Frantzia) jaialdiko sail ofizialean lehiatu zen,baina aurreko biek ez bezala, hirugarrenak ez zuen lore askorik pilatu. Protagonista Sean Penn izan arren. Haren eskutik joateko Sorrentinok eskarmentu handiko beste aktore bat, Frances McDormand, aukeratu zuen arren.

Handinahikeriaz jokatzea egotzi diote kritikari askok Sorrentinori. Halere, filmak istorio soil bat kontatzen du. Obsesioek bultzatutakoa. Cheyennek, esaterako, begiak, ezpainak, eta hatzetako zein behatzetako azkazalak margotzen ditu esnatu eta berehala. Hori izaten da haren lehen egitekoa. Obsesio horren beste adibide bat da deprimitutako fan nerabe batekin daukan harreman estua.

Baina erailko dute Cheyenneren aita, eta horrek New Yorkera eramango du. 30 urte zeramatzan harekin hitzik egin gabe, eta pixkanaka-pixkanaka, aita zenaren eguneroko batzuk irakurrita, konturatuko da hark ere bazuela obsesio bat. Judua izanik, preso egon zen nazien kontzentrazio esparru batean, eta han umiliatu egin zuten; gizon batek batez ere. Aitak bazekien gizon hori AEBetan bizi zela, eta mendekua hartu nahi zuen. Horrekin obesionatuta bizi zen.

Obsesio hori bere egingo du Pennek, eta aita umiliatu zuenaren bila abiatuko da AEBetako eremu zabaletan zehar. Bide bazterreko geografia horrek irudi onak hartzeko modua eman dio Sorrentinori, baina kritikariek gehiegizko estilo ariketa bat egitea egotzi diote. Leporatu diote, era berean, Pennen interpretazioa izatea filmaren helduleku bakarra.

Filmak hamalau izendapen jaso zituen Davi di Donatello sarietarako, eta film, gidoi eta aktore onenarenak irabazi zituen. David Byrne Talking Headseko abeslariak egin zuen soinu banda. Hain zuzen, taldearen abesti baten izena da This Must be The Place.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.