Aitor Sarriegi beasaindarra da Gipuzkoako bertsolaritza txapelduna. Atzo jokatu zen Gpuntuko finala Donostiako Illunbe zezen-plazan, eta alde txikiarekin gailendu zitzaion Sarriegi Beñat Gaztelumendiri, soilik bost puntu eta erdikoa izan zen. Bi horiek iritsi ziren azken saiora, eta biek ere aurretik egindako lana borobildu zuten buruz burukoan, Illunben bildu ziren 9.200 ikusleen aurrean. Telebistaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 101.000 lagunek ikusi zuten uneren batean atzo Gpuntuaren finala.
Hasiera-hasieratik erakutsi zuen Sarriegik txapela janzteko bere hautagaitza, eta lan ederrak josiz jantzi zuen, 1.051 punturekin. Gaztelumendi oso ondo aritu zen buruz burukoan, baina Sarriegiri aurretik kantatutako bertsoek eman zioten txapela. Ondoren: Alaia Martin (594), Iñaki Apalategi (590), Agin Rezola (588,5), Jexux Mari Irazu (578), Jon Martin (577) eta Unai Agirre (572).
Aitor Sarriegik txapela jantzi ondoren Mikel Mendizabali eskaini zion Goierrin bertsolaritzaren alde egindako lanagatik: ”Beasaindik Ordizira / Ordizitik Beasaina / Ataundik ere heltzen zen / autobuskada bikaina. / Barrena zaharrak zeukan / historiaren usaina / ta zu Mikel Mendizabal / artealdearen artzaina / urte asko pasa dira / sasoi hartatik oraina / Goierrik eta bertsoak / asko zor dizute baina; / inork zor al dizu zure / ikasle ginenok aina? / Besterik ez daukat eta / hartzazu nere ordaina”.