BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA

Aitor Sarriegik irabazi du hirugarren finalerdia

Beasaingo bertsolariak 688 puntu pilatu ditu Oiartzungo Elorsoso kiroldegian jokatutako saioan. Alaia Martin sailkatu da bigarren (667 puntu), eta Agin Laburu hirugarren (650 puntu).

Sarriegi eta Martin, ofiziotan hasteko pronto. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Igor Susaeta.
2013ko azaroaren 16a
20:56
Entzun

Finalean bigarrenez jarraian kantatzeko pausoa eman du 2011ko Gipuzkoako txapeldunak, eta finalaurrekoen bigarren itzulian Donostiako saioan ariko da, hilaren 24an.

Martinek ere puntu kopuru polita batu du etxean, eta pasa den astean jokatutako finalerdietako lehen bi saiotan garaileen atzetik puntu gehien pilatu zituzten bertsolariak gainditu ditu, Iñigo Mantzizidor izan ezik. Labururen atzetik Jon Maia (623 puntu) sailkatu da, Odei Barroso izan da bosgarren (620,5 puntu), eta Beñat Lizaso (592,5 puntu) azkena.

Gaur jokatuko da finalerdien lehen faseko azkeneko saioa, laugarrena, Murgian (Araba), 17:30eta hasita. Aitor Mendiluze, Fredi Paia, Xabier Silveira, Sustrai Colina, Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendi arituko dira kantuan. Horren ondoren jakingo da finalerdien lehen fasean lehiatu diren 24 bertsolarietatik zein sei geratzen diren kanpoan, bigarren faseko hiru saio erabakigarriei begira.

Igor Elortzak (722 puntu), Amets Arzallusek (717 puntu) eta Sarriegik irabazi dituzte lehen hiru finalerdiak, eta bigarren faserako sailkatuta daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.