Eleberri arloko epaimahaia Maria Jose Olaziregik, Ur Apalategik eta Ana Toledok osatu dute, eta inori ez ematea erabaki dute, olerkiko epaimahaia osatu duten Jon Kortazar, Mikel Lasa eta Lourdes Otaegik bezalaxe.
Antzerki arloko epaimahaian Eugenio Arozenak, Daniel Landartek eta Patri Urkizuk parte hartu dute, eta Aitzpea Goenagaren Santxa Kondesa antzeslanak jasoko du saria haien erabakiz.
Egileak XI. mendean kokatu du antzerki lana: 1082. urtean, Nafarroan. Santxa Kondesak, bere nebarekin batera, Eliza beren boterearen menpean mantentzeko egingo den ahalegina da abiapuntua. Garai hartan Donejakue bidea sortu zen, eta 1000. urtea munduaren azkena zela uste izan zuen jendeak. Eliza oso zen aberatsa, baina kontuan hartu behar da, halaber, aldaketa sakonak jasan zituela. Urte korapilotsuotan, bada, Santxa Kondesa, Iruñeko elizaren buru izendatuko du Santxo Ramirez erregeak. Kargua onartu ondoren, berau mantentzeko izango duen borroka da antzezlanean kontatzen dena. Aitzpea Goenaga aktore, antzerki idazle, gidoigile eta antzerki zein zine zuzendaritzan aritu da, eta oso ezaguna da euskal arte eszenikoetan.
Saiakerako Mikel Zarate saria, berriz, Joseba Azkarraga Etxegibelen Mendebaldearen mintzo mindua lanak jaso du, Aurelia Arkotxa, Adolfo Arejita eta Antton Aranburu epaimahaikideen erabakiz. Lan horretan Mendebaldea aztertzen da. Gizarte eta kultura modernoari buruzko gogoeta plazaratzen du saioak. Gaur bizi dugun garai sozio-historikoa ulertzeko zenbait tresna analitiko eta kritiko eskaintzen ditu. Euskal perspektibatik eraiki ditu gogoetok, euskal gizarteari ere erreferentziak eginez.
Joseba Azkarraga Etxegibel Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziatua da, eta Soziologia irakaslea Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Giza eta Gizarte Zientzien Departamenduko arduraduna da han. 2004an Juan Zelaia saiakera saria irabazi zuen.
Literatura
Aitzpea Goenagak irabazi du antzerki ataleko BBK-Euskaltzaindia saria, eta Joseba Azkarragak saiakerakoa
Aitzpea Goenagaren 'Santxa Kondesa' antzeslanak jaso du BBk-k eta Euskaltzaindiak elkarrekin antolatzen dituzten literatur sarietako Toribio Altzaga Antzerki Saria. Mikel Zarate saiakera saria, berriz, Joseba Azkarraga Etxegibelen 'Mendebaldearen mintzo mindua' lanak jaso du. Eleberri ataleko Txomin Agirre saria eta olerki arloko Felipe Arrese Beitia hutsik geratu dira, epaimahairen erabakiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu