Aizkorakadak

Agus Perez.
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Konpainiak: Artedrama, Le Petit Theatre de Pain, Dejabu. Zuzendaritza: Ximun Fuchs. Aktoreak: Ximun Fuchs, Ander Lipus, Manex Fuchs, Miren Gaztañaga, Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo. Lekua: Gazteszena aretoa (Donostia). Eguna: Azaroak 6.

Agus Perez

Aizkorakada indartsu batekin hasten da Errautsak, baina kolpe gogor hori ez da ezer gero etorriko denarekin konparatuta. Laster batean, Odeiren heriotzaren berri izango dute haren lagunek, telefonoz, eta horrek gauza asko mugiaraziko ditu haietariko bakoitzaren baitan, hildakoa gogoratzean garai batekolaguntasuna, gazte-urteak eta ilusio galduak azaleratuko direlako.

Hego Euskal Herriko Artedrama eta Ipar Euskal Herriko Le Petit Theatre de Pain konpainien arteko elkarlana aspaldiko aberasgarriena izaten ari da arte eszenikoen panoraman, eta horren adierazle bikaina Errautsak dugu. Nik, pertsonalki, miraritzat jotzen dut talde bien sorrera eta biek elkar ezagutu izana, baina kontuan izan behar dugu mirariak ez direla zerutik jausten, eta haien atzetik beti daudela gutxi batzuen borondate adoretsua eta urte askoan landutako prestakuntza pertsonal itzela.

Talde bien estilo garaikide eta aurreratuaren ildotik, agertokian ikusitakoak ez du zerikusirik izan ohiko lanetan ikusten denarekin eta, mozkorraldi arteko agur-jai basati hura irudikatzeko, trebezia handiz uztartu dira aitorpen kutunak, borroka pasarteak, amorruzko eztanda kolektiboak eta lagunarteko kantaldiak. Izan ere, kantak dira lan honen osagai nagusietako bat, eta haien artean naturaltasun berberarekin entzun ditugu eremu industrialetan loratutako punk abestiak eta Zuberoako larre idilikoetara garamatzaten doinu ederrak.

Taula gainean, bestetik, ezer gutxi egon da aizkora eta hilkutxaz aparte, baina biluztasun eszeniko horrek lehen planora ekarri ditu antzezpenen indarra eta taldearen barne kohesioa, eta zeharo aproposa suertatu da ospakizun neurrigabe horretan izandako poz edo tristura uneak irudikatzeko.

Nolanahi ere, nik bereziki eskertu dut emankizuna erreberentzia gutxiko giroan bilduta etorri izana, ortodoxiari batere jaramonik egin gabe, Sabino Arana, Etxahun Iruri eta Fraga Iribarneren hilobiak ikusleen artean deskubrituz, eta orgasmoaz, Iparraldeko etxalde hustuez edota batek daki zertaz berba eginez. Antzezle bakoitza bere herriko euskalkian aritu da, kontzesiorik gabe, eta han-hemenka gaztelaniazko zein frantsesezko esaldi batzuk ere tartekatu dira. Azken finean, lagun baten errauste zeremonian egon gara, eta horrela hitz egiten dugu barneko amorrazio guztiak aizkorakadaka kanporatu behar ditugunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.