Ludwig van Beethovenen Prometeoren kreaturak eta Biolin eta orkestrarako 1. eta 2. erromantzeak eta Franz Joseph Haydnen 104. sinfonia interpretatuko ditu gaur Akademie Fur Alte Musik Berlin taldeak Donostiako Kursaaleko auditoriumean. Taldearekin sarritan aritu izan den Rene Jacobs zuzendariak gidatuko du taldea. Hain zuzen ere, hamar urte baino gehiago daramatzate musika barrokoa eta erromantikoa lantzen. Gaurko kontzertuan Prometeoren kreaturak obraren interpretazioa nabarmendu behar da, ez baita askotan jotzen den partitura.
Akademie Fur Alte Musik Berlinek hainbat grabazio ditu eginak, eta horiekin sari ugari jaso ditu: Diapason d'Or, Cannes Classical saria, Grammophone, Edison saria eta Grammy bat. Urtean ia ehun kontzertu ematen ditu, eta ganberako musika nahiz formatu handiagoko obra sinfonikoak lantzen ditu.
Rene Jacobs antzinako musikako zuzendari garrantzitsuenetako bat da, eta orain dela gutxi Traetta Society saria eman zioten, Europako musika ondarearen aurkikuntzan egindako lanagatik. Hainbat grabazio ditu eginak.
Akademie Fur Alte Musik Berlin taldea Donostian ariko da gaur
Rene Jacobs zuzendariaren aginduetara, Beethoven eta Haydnen obrak interpretatuko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu