Amaitzenari den hau urrezko urtea izan da Ryan Goslingentzat. Kanadarra modako aktore bihurtu da, bere azken hiru filmei esker. Orain arte haren izena eta haren aurpegia sobera ezagunak ez baziren ere, hemendik aurrera ohikoa izanen da duen mutiko onaren itxura nonahi ikustea. Neurri handi batean, zorioneko garai hori Nicolas Winding Refn-en Drive lana Cannesen aurkeztu zuenean hasi zen. Refnek zuzendari onenaren sari garrantzitsua poltsikoratu zuen, baina Goslingen interpretazioak laudorio asko jaso zuen.
Nolabait, urte luzez egin duen lan isilaren ordaina jasotzen ari da orain Gosling. Aktore gaztea da; 31 urte ditu, baina ibilbide luzea du atzean. Disney kateko Mickey Mouse Club saioan hasi zen lanean. Saio horretan, besteak beste, Justin Timberlake eta Britney Spears izan zituen lankide. Baina kanadarrak argi zuen bere bidea ez zegoela musikan, interpretazioan baizik.
Hala moduzko hainbat telesailetan parte hartu ondoren, lehen aukera polita 2001ean etorri zitzaion, Henry Beanen The Believer filmeko protagonista izan baitzen. Drama horrek beste pelikula batzuetan aritzeko aukera eman zion, Barbet Schroederen Murder by Numbers lanean, esaterako.
Baina zinema independentearen eskutik etorriko zitzaizkion interpretaziorik sonatuenak: Nick Cassavetesen The Notebook, Ryan Flecken Half Nelson eta Craig Gillespieren Lars and The Real Girl. Iaz, kritika oso onak jaso zituen arren, nahiko oharkabean pasatu zen Blue Valentine apartan lan egin zuen, Michelle Willliams handiaren ondoan.
Hiru film
Azkenean, 2011n etorri zaio ia ahobatezko onespena. Hiru film estreinatu ditu aurten. Batetik, Glen Ficarra eta John Requaren Crazy, Stupid, Love komedia erdipurdikoa, Steve Carrell eta Julianne Mooreren ondoan. Bestetik, George Clooneyk zuzendu duen azken filma, The Ides of March drama politikoa, gurean oraindik estreinatu gabea dena, baina Oscar sarietarako hautagai nagusienetarikoen artean dagoena.
Baina bi horien gainetik, Drive filmak eman dio Goslingi benetako bultzada. Autoak, lapurretak eta akzioa uztartzen dituen akzio istorioa da, baina Cannesko zinemaldian oso harrera ona izan zuen, eta urteko ezuste handienetariko bat izan da. Bullitt (Peter Yates, 1968) klasikoarekin konparatu dute Drive hau, eta, horren ondorioz, hainbatek Steve McQueenen parean jarri du Gosling.
Izan ere, auto gidari ezin trebeago baten istorioa da Drive. Filmari izenburua ematen dion goitizena du protagonistak, eta egunez zinema eta telebistarako espezialista lanetan aritzen da. Gauez ere eskaintzen ditu bere zerbitzuak, ordea, eta hainbat lapurretatan parte hartzen du, hor ere gidari lanetan. Finean, pertsonaiari gustatzen zaiona gidatzea da, eta berdin zaio zein den egin beharreko lana.
Irene ezagutzen duen egunean aldatuko da hori guztia. Lehen aldiz, bizi den eraikineko igogailuan ikusiko du. Hurrengo batean, auzoko denda batean topo egingo du harekin, neska seme txikiarekin dagoela, Beniciorekin. Hortik aurrera, Drive Irene lanera eramaten hasiko da.
Baina egoera horrek ez du luze iraunen, halako batean Standart Ireneren senarra kartzelatik aterako baita. Drivek Irene ikusteari utziko dio orduan, baina beranduegi izanen da, bien patua lotuta baitago.
Drive izan da Winding Refnek AEBetan egin duen lehen filma. Orain arte zuzendari aski ezaguna zen bere sorterrian, Danimarkan. Batez ere, Pusher izeneko trilogiari esker egin zen ezagun herrialde hartan. Goslingek berak aukeratu zuen Winding Refn zuzendari gisa, aurretik egin dituen lanak oso gogoko zituelako.
'DRIVE'
Zuzendaria. Nicolas Winding Refn.
Aktoreak. Ryan Gosling, Carey Mulligan, Ron Perlman, Christina Hendricks, Bryan Cranston.
Herrialdea.AEB.
Urtea. 2011.
Iraupena. 100 minutu.
Estreinaldia. Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Aktore modakoa, gidari trebea
Cannesen harrera ona izan zuen, eta urteko ezuste handienetariko bat izan da 'Drive', Ryan Gosling protagonista duen akzio filmaZinema independentean lortu zuen sona, eta azken lanagatik ere txalotu egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu