Alan Rickman Erresuma Batuko aktore laudatuenetakoa zen, eta baita ezagunenetakoa ere, Harry Potterren filmetan Snape irakaslearen rola betetzen hasi zenetik. 69 urterekin hil da, minbiziak jota.
Rickman Londresen jaio zen, eta zinemarako jauzia egin aurretik oholtza gainean aritu zen zenbait urtez. Hain zuzen ere, Christopher Hamptonen aginduetara Les Liaisons Dangereuses antzezlanean egindako lanak aktore ospetsu bihurtu zuten 1980ko hamarkadaren erdialdean. Gero, Die Hard film arrakastatsuan aritu zen Bruce Willisekin batera, eta horrek Hollywoodeko ateak ireki zizkion. Parte hartu zuen, besteak beste, honako film hauetan: Robin Hood: Prince of Thieves, Sense and Sensibility, Love Actually eta The Winter Guest.