Naziek antolatutako Holokaustoko bere herrialdeko biktimen memorian arakatu du zinemagileak, erretiratutako musika irakasle baten bidez. 2010ean ere zinemaldia inauguratu zuen Paskaljevicek Honeymoons lanarekin, eta orduan Giza Eskubideen Zinemaldia Saria eman zioten.
Aurten proiektatuko dituzten filmen aurrerapen bat eman du antolakuntzak, eta tartean dago Karres eta Olasagastiren dokumentala. Emakumezkoek Irungo eta Hondarribiko alardeetan duten parte hartzeari buruzko lana da, eta parte hartze horrek eragiten dituen sentipenak eta eztabaida aztertzen ditu.
Jorge Gil Munarriz legazpiarraren El método Arrieta ere estreinatuko dute zinemaldian. Bi ahizpek begiekin komunikatzeko daukaten sistema erakusten du dokumentalak. Eritasun baten ondorioz elbarri geratu ziren, eta begiraden bidez elkar ulertzen dute.
Juan Dopicoren Agronautas (Euskal Herria), Sylvain Estibalen Le Cochon de Gaza (Frantzia-Alemania-Belgika), Eugene Jareckiren The House I Live in (AEB), Basilio Martin Patinoren Libre te quiero (Espainia), Cate Shortlanden Lore (Australia-Alemania) eta Srdjan Dragojevicen The Parade (Serbia-Kroazia-Eslovenia-Mazedonia) ere emango dituzte.
Giza Eskubideen Zinemaldia Saria Patricio Guzman dokumentalgile txiletarrak jasoko du.