Alberto Giacometti

Alberto Giacomettiren atzera begirakoa jarri dute Bilbon

Artistaren berrehun obra baino gehiago jarri dituzte Bilboko Guggenheim museoan. Bihar irekiko dute erakusketa, eta 2019ko otsailaren 24ra bitarte izango da ikusgai.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2018ko urriaren 18a
13:44
Entzun

Mahai zapi batean, boligrafoz marraztutako erretratuak: Gizon-buruak edo Annete biluzik zutik eta emakumeak zutik perspektiban, zortzi ale. Zirriborroak artelan bihurtzeko gaitasuna zuen Alberto Giacometti (Suitza, 1901-1966) artistak. “Betidanik, kanpoko munduaz, eta, bereziki, giza aurpegiaz eta, oro har, gizakiaz dudan ikuspegia ulertzeko bitarteko gisa erabili izan ditut eskultura, pintura eta marrazkia. Bestela esanda, nire lagun hurkoez eta, bereziki, nigandik hurbil daudenen ikuspegia ulertzeko bitartekoak dira artelanak”. Sortutako eskultura bitxiengatik ezaguna da Giacometti. Itzal handia utzi du haren lanak, eta 40 urtetan sortutakoak bildu ditu Bilboko Guggenheim museoak. Orotara, 200 pieza baino gehiago jarri dituzte ikusgai. Otsailaren 24ra bitarte izango da zabalik.

Bigarren solairu osoa hartzen du Giacomettiren erakusketak, eta kronologikoki antolatu dute haren lana. “Atzera begirako erakusketa den arren, gaika ere antolatu ditugu aretoak eta nabarmen agertzen dira Giacomettiren obsesioak”. Hala azaldu du Catherine Grenier erakusketaren komisarioak. Giza irudiak eta buruak. Bi-biak izan zituen artistak jomugan. “Giza irudiak eta horien tamaina etengabe landuko ditu. Esentzian jartzen da fokua, eta porrot sentsazio etengabea izango du, hobetzeko beharra sentitzen duelako egunero”.

Igeltsua da Giacomettiren marka nagusia. Orduko sortzaile gehienek erabiltzen zuten materiala, buztinean moldatu ondoren eta brontzezkoa egin aurretik; baina hasieratik bukaerara lantzen zuen suitzarrak. Igeltsuaren hauskortasunagatik, oso gutxitan erakutsi dituzte haren lanak: Veneziako emakumeak obra da adibide, 1956ko Veneziako Bienalerako sortu zituen Giacomettik eta hirugarren aldiz erakutsiko dira orain.

Gero eta eskultura txikiagoak egin zituen. Figura bat egin, figura hori hartu eta haren tamaina erdira txikitzen zuen. Hala zioen. “Tamaina naturaletik abiatuta, eskultura txiki-txikiak egiten nituen; hots, hiru zentimetrokoak. Nahi gabe egiten nuen hori. Ez nuen ulertzen. Hasieran, handia zen, baina, bukatzean txiki-txikia. Geroago ulertu nuen: pertsonak ezin dira beren osotasunean ikusi urruntzen ez garen arte eta txiki txikiak ikusten ez ditugun arte”.

Bi mundu gerren testuinguruan sortu eta hezi zen Giacometti, eta testuinguru soziopolitikoak eragin nabarmena izan zuen haren obran. 1945. urtetik aurrera sortu zituen bere lanik ezagunenak, eta II. Mundu Gerraren eragina nabarmena da horietan. “Gerraren ondoren nazkatuta nengoen, eta neure buruari zin egin nion ez nuela utziko nire estatuen tamaina murriztea. Orduan hau gertatu zen: altuerari eutsi ahal izan nion, baina estatua oso meheak geratu zitzaizkidan, haga baten antzekoak, filiformeak”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.