Alberto Iglesiasek (Donostia, 1955) beste Goya sari bat gehitu dio bere curriculumari, eta dagoeneko 11 ditu. Pedro Almodovarren Dolor y Gloria filmarentzat eginiko musikarengatik eman diote saria. "Almodovarren zinemak libreago egin nau", esan du musikariak bart Madrilen eginiko ekitaldian. "Musikarekin saiatu naiz filmaren bihotzera heltzen, benetakoa izaten".
Espero zenetik urrun geratu da Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren La trinchera infinita filma. Donostiako Zinemaldiko gidoi onenaren saria eta zuzendari onenarena ez ezik, Irizar eta Feroz sariak eta Fipresci saria ere jaso zituen lanak, eta Goya sarietarako hamabost izendapen lortu zituen, tartean filmik onenari ematekoa. Baina, azkenean, bi sari eraman ditu: Belen Cuestari emakumezko aktore onenaren saria eman diote, filmean egiten duen lanarengatik, eta soinu onenaren saria ere irabazi du filmak, Alazne Ameztoiren, Iñaki Diezen, Xanti Salvadorren eta Nacho Royo-Villanovaren lanarengatik.
Aktoreak eskerrak eman zizkien zuzendari euskaldunei atzoko ekitaldian, "nire bizitzako pertsonaia emateagatik". Rosa pertsonaia antzezten du Cuestak filmean. 1936ko gerra hasterakoan, haren senar Higinio bere etxean ezkutatzen da, frankistek hil ez dezaten. 30 urtez egongo da ezkutuan, Rosak zainduta.
Pedro Almodovarren Dolor y gloria filma erabat nagusitu da sari banaketan. Zazpi sari jaso ditu denera, tartean filmik onenarena, zuzendaririk onenarena eta gizonezko aktorerik onenarena.
Galder Gaztelurrutia –El hoyo– eta Aritz Moreno –Ventajas de viajar en tren– zuzendari berri onenaren sarirako hautagaiak ziren, baina, azkenean, Belen Funesek eraman du, La hija de un ladrón filmarengatik. Edonola ere, Gaztelurrutiaren filmak efektu berezirik onenen saria jaso du.