Duela bi urte Alberto Iglesias konpositore donostiarrak Oscar sarietarako hautagaitza lortu zuen The Constant Gardener filmeko musikarengatik. Bere ibilbide arrakastatsuaren mugarria izan zen hura, azkenean Fernando Meirellesen filmeko musikak saria lortu ez zuen arren. Orain beste aukera bat izango du, Hollywoodeko Akademiak berriro izendatu baitu The Kite Runner-en musikarengatik. Marc Forsterren laneko konposizioak hainbeste merezi zuela uste izan dute, Bafta sarietarako Urrezko Globoetarako ere hautagai izan ondoren. Atonement-eko musikak irabazi du aurten Urrezko Globoa, eta Dario Marianelliren konposizioarekin lehiatuko da berriro Iglesiasen lana Oscar sarietan. Hautagaien taldea James Newtonek (Michael Clayton), Michael Giacchinok (Ratatouille) eta Marco Beltramik (3:10 to Yuma) osatzen dute. Otsailaren 24an emango dute ezagutzera Los Angelesen azken erabakia.
Beste atalei dagokienez, Joe Wrighten Atonement zazpi alorretan lehiatuko da Oscar sarien bila, baina sari garrantzitsuen artean, bat bakarrean. Film onenaren Oscar sarirako izendatu dute, baina horretara mugatu du Hollywoodeko Akademiak, eta bere aukerak asko gutxitu ditu. Coen anaien No Country for Old Men atera da izendapen horietan indarturik. Zortzi hautagaitza jaso ditu, tartean film onenarena eta zuzendari onenarena. Paul Thomas Andersonen There Will Be Blood-ek ere zortzi jaso ditu, film onenarena eta zuzendariarena ere tartean. Bi kategoria horietan lehiatuko da, halaber, Michael Clayton; Tony Gilroyren lanak zazpi izendapen jaso ditu. Film onenaren hautagaien multzoa Jason Reitmanen Juno-k osatuko du. Zuzendari onenaren hautagaien taldea, berriz, Julian Schnabelek (Le Scaphandre et le papillon) eta Reitmanek berak (Juno). Schnabelen lanak ezustea eman du maila handi batean, inor gutxi gogoratu baita harekin, harik eta Urrezko Globoetarako izendatu duten arte. Izendatu bakarrik ez, Schnabelek zuzendari onenaren Urrezko Globoa irabazi du; orain, berriz, Oscarretarako hautagai bihurtu da.
IZEN HANDIAK AKTOREEN ARTEAN. Interpretazioak saritzeko bazegoen non hautatua. Hautagaien izenak oso ezagunak dira; ibilbide luzeko aktoreak dira ia guztiak. Gizonezkoan artean aktore onenaren sarirako lehiatuko dira George Clooney (Michael Clayton), Daniel Day-Lewis (There Will Be Blood), Johnny Depp (Sweeney Todd), Tommy Lee Jones (In The Valley of Elah) eta Viggo Mortensen (Eastern Promises). Ia ezinezkoa da faboritoen inguruan hitz egitea, guztiak direlako maila handiko interpretazioak, Tommy Lee Jonesena gogoangarria.
Emakumeen artean ere antzeko zerbait gertatzen da. Aktore bikainak azaltzen dira lehiakideen taldean: Cate Blanchett (Elizabeth: The Golden Age), Julie Christie (Away Fron Her), Marion Cotillard (La Vie en Rose), Laura Linney (The Savages) eta Ellen Page (Juno). Aktore beteranoak dira gehienak, eta Julie Christieren hautagaitza nabarmendu daiteke. 1965ean irabazi zuen Oscar saria aktore horrek (Darling, John Schlesinger), eta 43 urteren ondoren beste aukera bat izango du. Cate Blanchettek ere badu Oscar bat, bigarren mailako aktorearena (The Aviator, Martin Scorsese, 2004); eta Laura Linney hautagai izan da orain baino lehen ere (You Can Count On Me, Kenneth Lonergan, 2000). Bestalde, Marion Cotillard frantziarraren lana ezin da ahaztu Edith Piafen azalean sartuta. Ellen Page da taldeko gazteena.
Bestalde, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria Europako film batek eramateko aukera handiak daude aurten, bost hautagaietako hiru europarrak baitira. Honakoak dira izendatuak: Beaufort (Joseph Cedar, Israel), The Counterfeiters (Stefan Ruzowtzky, Austria), Katyn (Andrzej Wajda, Polonia), Mongol (Sergei Bodrov, Kazakhstan) eta 12 (Nikita Mikhalkov, Errusia).
Animazioan, berriz, litekeena da Ratatouille-k irabaztea; Persepolis eta Surf's Up izango ditu lehiakide. Otsailaren 24an ezagutuko dira irabazle guztiak, baina gerta daiteke ohiko zeremoniarik ez izatea, gidoilarien greba bere horretan dagoelako oraindik.
Alberto Iglesias Oscarretarako izendatu dute
'There Will Be Blood' eta 'No Country For Old Men' filmek zortzina hautagaitza jaso dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu