Musika

Albisteak eta abestiak

Euskal Herriko musikari askok albisteak eta gaurkotasuneko gaiak erabili dituzte kantuak sortzerakoan; Joseba Martin kazetari eta EHUko irakasleak rockaren eta informazioaren arteko harremana aztertu du bere doktore tesian.

gotzon hermosilla
2013ko ekainaren 16a
14:07
Entzun

San Fermin egunean izan zen. 1985eko uztailaren 7an, Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea euskal presoek ihes egin zuten Martuteneko kartzelatik (Donostia), espetxean antolaturiko Imanol Larzabalen musika emanaldi bateko bozgorailuetan ezkutaturik. Hurrengo egunean, albistea hedabide guztietan agertu zen, eta oihartzun handia izan zuen Euskal Herriko iritzi publikoan. Seguru asko, 1985 hartako Euskal Herriko berririk garrantzitsuenetako bat izan zen Piti eta Sarriren ihesaldia.

Hurrengo hilean, 1985eko abuztuan, Kortatu taldea Donostiako Tsunami estudioetan sartu zen, iraupen luzeko lehenengo diskoa grabatzera. Diskoa urtea amaitu aurretik plazaratu zen, eta han agertzen ziren hamahiru abestien artean bazegoen Toots & The Maytals talde jamaikarraren Chatty chatty kantuaren bertsio bat, Sarri Sarri izenekoa. Abestiak Lurdes eta Josu Landaren testua zeukan, eta Pikabea eta Sarrionandiaren ihesa zuen hizpide. Kantuaren arrakasta erabatekoa izan zen: Kortaturen ibilbideko abestirik ezagunena bilakatu zen, eta 80ko hamarkadako euskal ro-ckaren historiara pasatu zen. Oraindik ere, Fermin Muguruzak abestia jotzen du aurten egiten ari den biraren kontzertuetan.

Sarri Sarritopical song bat da, beharbada euskal rockak eman duen ezagunena. Albiste batean, iritzi publikoaren arreta bereganatzen duen benetako gertaera batean oin hartuta idatzitako kantuak dira topical song izenekoak. Kantu mota horrek tradizio handia du herri musikaren esparruan, bai eta eremu anglosaxoiko pop eta rock musikan ere. Eta gaia euskal rockaren esparrura ekarri nahi izan du Joseba Martin Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Radio Euskadiko kazetariak (Barakaldo, Bizkaia, 1960) bere doktore tesirako aurkezturiko ikerketan. Izen hauxe jarri dio ikerketari: El rock de las noticias. La actualidad y sus canciones: de la tradición anglosajona al caso vasco (Albisteen rocka. Gaurkotasuna eta bere abestiak: tradizio anglosaxoitik euskal kasura). Maiatzaren 22an aurkeztu zuen, eta, gauzak ondo bidean, laster liburu gisa argitaratuko da.

Hedabideen arreta

«Gertaera bat jazo ondoren, gertaera hori gaitzat hartuta denbora eta leku horretan sortzen den abestia da» topical song bat, Martinek berak esandakoaren arabera. Baina ez edozein gertaera; izan ere, idazle eta musikari asko beraiek ikusi, sentitu edo bizi izandako benetako esperientzietan oinarritzen dira kantuak egiterakoan, maitemintzea esaterako. Gertaera horrek norbere interesaren mugak gainditu eta, albiste bilakatuta, hedabide edo iritzi publikoaren arreta bereganatzen duenean esan daiteke topical song baten aurrean gaudela.

Albiste edo hedabideetako informazioetan oinarritutako abestiek bi arrisku dituzte, Martinek dioenez: "Alde batetik, gertaera hori urrunekoa baldin bada, gerta liteke entzulearentzat interesgarri ez izatea; eta, beste aldetik, denbora pasatu eta gertaera hori iraganean gelditzen den neurrian, kantuak ere zaharkituta gelditzeko arriskua du. Prestige itsasontziaren hondamendia izan daiteke horren adibidea. Istripua gertatu zenean hainbat abesti idatzi ziren horren inguruan, baina gaur egun gazte askok ez dute hori ezagutu, ez dakite zer den ere, eta horrelakoei abesti horiek ez diete ezer esango".

Albiste zehatz batean oinarrituta ere gertaera hori gainditu eta rock musikaren historian gelditu diren abestiak ere badaude, noski, baina hainbeste ere ez dira. Adibide gisa, Bob Dylanen The Lonesome Death of Hattie Carroll aipatzen du Martinek.

1963ko otsailaren 9an, William D. Zantzinger izeneko lurjabe aberatsak, mozkorra zegoela, festa batean zerbitzari aritzen ziren zenbait langile beltz iraindu eta jo zituen, eta horietako bat, Hattie Carroll neskame beltza, hil egin zuen. Sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten. Dylan sutan paratu zen albistea egunkarian irakurri zuenean, eta abesti bat idatzi zuen, 1964ko The Times They Are a-Changin' diskoan agertu zena. "Kasu horretan, abestiak gertaera zehatz hura gainditu zuen, eta horren itzalak denboran iraun du", azaldu du Martinek. "Zantzinger duela gutxi arte bizi izan da [2009an hil zen], eta inoiz adierazi zuen Dylanen kantuak bizitza izorratu ziola".

Norbaitek pentsa dezake albistegietan oinarrituriko abestiak edo gertaera sozial edo politiko bat gaitzat hartzen dutenak protesta edo salaketa kantuak izaten direla. Batzuk badira, baina ez du zertan. Askok ikuspegi kritikoa agertzen dute, baina hori ez da ezinbesteko baldintza topical song bat idazteko.

Ingelesezko rock musikak askotan jo du albistegietara inspirazio bila. Titanic itsasontziaren hondoratzea, Katrina urakana, Vietnamgo gerra eta Ipar Irlandako gatazka albiste iturri agortezinak izan dira, eta kantu ugari idatzi dituzte horien inguruan.

550 talde, 1.800 kantu

Esparru anglosaxoiko rock musikan tradizio handia dute albisteetan oinarrituriko kantuek, eta tradizio hori jaso du Joseba Martinek bere tesiaren marko teoriko gisa. Baina horrelako abestiek Euskal Herriko rock musikan izandako garrantzia zen Martinen ikerketaren xedea. Horretarako, azken 50 urtean diskoak grabatu dituzten 550 talde edo bakarlari aztertu ditu, eta horien lanak —diskografia osoak, ahal izan duen guztietan— banan-banan aletu ditu.

Lan horren ondorioz, albiste errealetan oinarrituriko abestiekin datu basea osatu zuen Martinek. Alde batetik, gertaera zehatzen erreferentzia egiten zuten kantuak bildu zituen, hirurehun inguru. Beste aldetik, gertaera zehatzik aipatu gabe gaurkotasuneko gaiak jorratzen zituzten abestiak zerrendatu zituen, "euskal gatazka, presoak, okupazioa, etorkinak eta euskal prentsan etengabe agertzen diren bestelako gaiak aipatzen dituzten kantuak". 1.500 abesti inguru bildu zituen bigarren zerrenda horretan.

Bi datu base horiek aztertuta, oso ondorio interesgarrietara iritsi da Martin. Nagusia honako hau da: albisteetan oinarritzen diren kantuen fenomenoa ez da bazterreko gertaera euskal musikan. Garai guztietako artistek jorratu dute bide hori, herrialde guztietakoek, estilo guztietakoek. Horien artean, sona eta ospe handia lortu duten artistak ere badaude. Eta, zenbait kasutan, horrelako abestiek talde batzuen uztaren atal garrantzitsua osatzen dute. "Esparru anglosaxoian ez da hori gertatzen. Egon daitezke punta-puntako artista batzuk, Bruce Springsteen esaterako, beren ibilbidean horrelako abesti batzuk egin dituztenak, baina gutxi dira, eta kantu gutxi batzuk baino ez dute egin. Ertzeko fenomenoa da. Euskal Herriko musikan, aldiz, pisu handia hartzen du horrek".

Euskal artista batzuek, Itoizek edo Mikel Laboak esaterako, ez dute inoiz albiste zehatz batean oinarritutako kanturik egin. "Baina Xabier Letek, Imanolek, Gorka Knorrek, Urkok eta abarrek horrelako asko dituzte, eta atzetik etorri ziren taldeek ere bai", dio Martinek. Gaurkotasuneko gaiak oinarri hartuta abesti gehien egin duen taldea Etsaiak da, 43 kanturekin. Atzetik datoz Pantxoa eta Peio (34 abestirekin) eta Barricada (33 abesti). Baina Negu Gorriak, Oskorri, Su Ta Gar, Zarama eta beste asko ere albistegietan oinarritu ziren abesti ugari egiteko. Martinek zerrenda bat osatu du, euskal musikaren historian esanguratsuenak izan diren 50 artista eta taldeekin. Horietatik, erdiek baino gehiagok, 26k zehazki, hamar abesti baino gehiago idatzi dituzte gaurkotasuneko gaiak oinarri hartuta.

1969an Erlak eta Ameslariak taldeek, hurrenez hurren, Kennedy eta Martin Luther Kingen hilketen inguruko abestiak grabatu zituztenetik, euskal musika herrikoiaren garai guztietan agertu dira albisteetan oinarrituriko kantuak. 1990eko hamarraldiaren hastapenetatik horien kopurua ia hirukoiztu egin da: izan ere, RRV edo Euskal Rock Erradikalaren eztandaren ostean, taldeen kopurua asko handitu zen, grabatzeko aukerak ere ugaldu ziren eta askoz disko gehiago argitaratu ziren.

Politika nagusiki

Eta nolako gaiak agertzen dira abesti horietan? "Albisteetan oinarrituriko kantuen %70ean gai politikoak jorratzen dituzte", azaldu du Martinek, "eta, gehienetan, euskal politikako gaiak izaten dira. Badaude kanpora begiratzen dutenak, hiru lekutara batez ere: AEBetara, inperalismoa salatu edo lider beltzak goraipatzeko; Latinoamerikara, gerrillen inguruko kontuak aipatzeko; eta Palestinara". Gai politikoak jorratzerakoan, batez ere Euskal Herrikoak, ez da bilakaera handirik sumatzen: gai batzuk, presoen egoera esaterako, behin eta berriro agertzen dira. Bere tesian, "jarrera estatikoa" aipatzen du Martinek, eta, hipotesi gisa, euskal gatazkaren ezaugarriak aipatzen ditu horren arrazoitzat, "enkistatutako gatazka baita, non, gaur egun, duela hamabost edo hogei urteko jarrera berak mantentzen diren".

Gainerako %30ean, berriz, gai sozialak jorratzen dituzte. Horiei dagokienez, badago bilakaerarik aukeraturiko gaietan: "Agenda informatiboan gertatzen den bezala, gai batzuk zaharkituta gelditzen diren neurrian, derrigorrezko soldadutza esaterako, horien inguruko abestiak ere desagertzen dira, eta gai berriak agertzen dira, azken urteotan hedabideen arreta ere bereganatzen duten gaiak eta lehen agertzen ez zirenak: emakumeen kontrako indarkeria, immigrazioa, animalien eskubideak eta abar".

Gehienetan, ikuspegi abertzale eta ezkerrekoa erabiltzen dute aipatutako artistek, eta, alde horretatik, ezker abertzaleak horrelako gaien inguruan mantentzen dituen jarrerekin bat etortzen dira: "Horrek ez du esan nahi militantzia jarrera bat dagoenik, edo ezker abertzalearekin %100ean bat datozenik", zehaztu du Martinek. "RRVren garaian ez zen hori beti gertatzen: Eskorbutok, esaterako, ezker abertzalea gogor kritikatu zuen zenbait kantutan. 90eko hamarkadatik aurrera gertatzen da, batez ere, hurbiltze hori".

Eta datu bitxi bat topatu du Martinek bere ikerketan: apenas dagoen talderik edo artistarik gaurkotasuna abestien bidez komentatzerakoan ikuspegi horren kontra jo duenik. Vietnamgo gerraren eta Ipar Irlandako gatazkaren inguruan abesti mordoa idatzi dira azken 50 urtean, eta normala da horietan oso ikuspegi desberdin eta are kontrajarriak topatzea. Ez da hori gertatzen euskal gatazkaren kasuan. Kalean taldeak Hipercorreko atentatua aipatzen du kantu batean, eta Tontxu kantautoreak, beste abesti batean, Miguel Angel Blancoren hilketa dela-eta elkarrekin haserretzen diren lagunen istorioa kontatzen du. Hortik aurrera, deus gutxi. Martinek musikariei galdetu die horren inguruan, eta gehienek "egoera politikoaren normalizaziorik eza" aipatu dute arrazoitzat.

Orain arteko guztiak adierazten du euskal rockaren sistema "berezia" dela ingurukoen aldean. "Katalunian, Madrilen eta beste zenbait lekutan ez da horrelakorik gertatzen, eta, gertatzekotan, oso ertzeko artistak dira albisteetan oinarrituriko abestiak idatzi dituztenak. Euskal rockaren kasuan, aldiz, oinarrizko zutabea dela esan genezake. Seguru asko, Euskal Herriko egoera soziopolitikoa normaltzen den neurrian, euskal rockaren ezaugarri hori ere normaltzen joango da. Baina gauzak dauden moduan, gerta daiteke bost urte barru antzeko ikerketa bat egitea eta konprobatzea denak bere horretan irauten duela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.