Fi Intidar Pasolini lana filmatzen ari zela otu zitzaion Daud Aulad-Siad zuzendariari hurrengo filmean kontatuko zuen istorioa. Filmaketa hartarako hainbat dekoratu jarri zituzten Marokoko hegoaldeko herrixka batean, mezkita bat tarteko, eta herriko jendea bertara errezatzera joaten zela konturatu zen zuzendaria. Pasadizo horretan oinarritu du A Jamaâ, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehiaketara atzo aurkeztu zuen filma.
Moha nekazaria da A Jamaâ-ko protagonista, zinemagile taldeak mezkita eraiki duen lur sailaren jabea. Filmeko taldea herritik joaterako, mezkita benetakotzat hartua dute herritarrek, eta ezin du eraitsi. Mohak ez du etsiko bere jabetzaren aldeko borrokan, ia herri osoa, agintariak eta buru erlijiosoak aurka baditu ere. «Ez da mezkita bat, dekoratu bat da!», esango die behin eta berriz «Jainkoaren etxea» dela eta kontua ahazteko esaten diotenei.
Pasadizo horren bidez, Marokoko herrixka bateko eguneroko xume eta lasaia agertu du Aulad-Siadek. Erlijioak Marokoko gizartean duen pisua azaleratzen du filmak. Marokoko zineman erlijioa, sexua eta politika tabu izanagatik ere landu beharreko gaiak direla uste du, eta, horretarako «ikuspegi neutroa» hautatu duela esan du. «Erlijioa arazo korapilatsua da. Auzia mahai gainean jartzen dut, baina probokaziorik gabe». Filmeko aktoreak herri horretako biztanleak direla, eta mezkitaren aurka azaldu behar zutenean gidoia jarraitzea zaila zela azaldu zuen adibide gisara.
Erlijioa gai tabua bada ere, Marokon ez dagoela zentsurarik zehaztu zuen. Herrialdean zinemagile askok askatasunez film probokatzaileagoak egiten dituztela, eta zinemak zein literaturak zentsuraren garaia gainditua dutela uste du zuzendariak. Dena dela, berak film kontserbadoreagoak egitea aukeratu duela aitortu du. «Zinema ez da zentsura edo demokrazia kontua, emozio kontua eta esateko zerbait izatea da». Hori probokatu gabe egin daitekeela uste du, eta gaur egun horretarako joera nagusitu dela dio. Izan ere, Aulad-Siaden ustez, egungo zinemak, sarri, «ahaztu egiten du alde gizatiarra, eta alde probokatzailea baino ez du lortu nahi».
DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. SAIL OFIZIALA
«Alde gizatiarra ahaztu eta probokatzeko joera dago»
Filmaketa bateko pasadizo baten bidez, Marokoko herri bateko egunerokoa erakusten du 'A Jamaâ' filmak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu