Ez da hasiera, baina hasiera bat da. “Bizitza ziklo baten gisan ulertzen dugu, eta, horren barruan, hainbat ziklo txiki ere bizi izaten ari gara etengabe”. Horixe da, Zuriñe Hidalgo taldeko abeslariaren arabera, kaleratu duten diskoaren ezaugarri nagusia: aldi berri baten abiaburua da. “Beste era batean egin dugu lan oraingoan”, eta erantsi du Hasiera diskoaren beste ezaugarri bat ere. “Sarritan esan ohi dugu biluzi egiten garela, baina urrunago joan gara oraingoan. Gure beldurrak eta gabeziak utzi ditugu agerian, geure buruari inolako iragazkirik jarri gabe aritu gara”. Emaitzarekin pozik daudela azaldu du Hidalgok. Bat egin du Fran Urias taldeko abeslaria eta gitarra jotzaileak ere. “Oso barnekoak dira abestiak; pertsonalak. Biluzi egin gara, eta horrenbeste maite ez ditugun gorputz zatiak ere erakutsi ditugu, gure gorputzaren parte ere badirelako”. Terapiarako erabiltzen dute musika Hesian-eko taldekideek, Uriasen hitzetan. Hamar abestirekin osatu dute disko berria, eta Marta Bellvehi ilustratzaile katalanak egin du diseinua: kantu bakoitzari ilustrazio bana egin dio marrazkilariak.
Taldea “aldakorra” dela dio Uriasek. “Azken diskoa oso poperoa izan zen, baina, aldi berean, bazuen metal kutsua ere”. Oraingoan rockera jo dute, ordea. “Pertsona gisa aldatu egiten gara, eta nik ez dakit hemendik urte batzuetara zerbait sortzen badut nola egingo dudan. Ez da apropos gertatzen den zerbait. Ni aldatu egiten naiz, eta, musikalki, unean unekoa ateratzen zait. Nolanahi ere, taldearen esentzia gorde egin dugula uste dut”, azaldu du Hidalgok. Arbizu (Nafarroa), Madril, Girona eta Bartzelonan egin dituzte grabazioak, eta, lehen aldiz, ekoizle batekin ondu dute diskoa: Juan Blas madrildarrarekin.
Durangoko Azokan egingo dute lan berriaren aurkezpena, Ahotsenean, abenduaren 7an. Gerora, solasaldi musikatuak egingo dituzte: abenduaren 13an, Bilboko Bira kultur gunean izango dira; 14an, Donostiako Tabakalera kultur zentroan; 20an eta 21ean izango dira, hurrenez hurren, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean Iruñeko Katakrak liburu dendan. Azaldu dutenez, otsailetik aurrera egingo dituzte formatu handiko kontzertuak.