Artea

Aldizkariko orriak arte bihurtuz

'Many of Them' aldizkariaren lana oinarri duen erakusketa bat zabaldu dute Donostiako Tabakaleran. Hilary Lloyd artistak antolatu du proiektua, eta aldizkarian azaldutako sortzaileen lanak daude ikusgai.

'Many of Them' aldizkariaren erakusketa
Pedro Canicoba, Clara Montero eta Antonio Macarro, erakusketa gelan. ANDONI CANELLADA / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko otsailaren 29a
05:20
Entzun

2008. urtean sortu zen arteari eskainitako Many of Them aldizkaria, Donostian, Antonio Macarro eta Pedro Canicoba editoreek bultzatuta. Harrezkeroztik, bederatzi zenbaki kaleratu dituzte, eta hainbat artistaren lanen berri eman; orain, hamargarrena aurkeztu dute. Baina erakusketa bilakatuta. Aldizkarian aipatu izan diren hainbat artistaren artelanak bildu, eta Tabakalerako lehenengo solairuko gela batean jarri dituzte ikusgai. Hilary Lloyd artistak antolatu du erakusketa, eta You Want It to Be Art and I Want It to Be Magazine deitu dio (Zuk artea izan dadila nahi duzu, eta nik aldizkari bat izan dadila). Apirilaren 7ra arte egongo da irekita.

Erakusketaren nondik norakoak zehaztea ez zen erraza izan, Macarroren ustez: «Tabakalerak proposamena helarazi zigunean, milaka ideia eduki genituen. Hasieran, display moduan egitea okurritu zitzaigun, panelen bidez, jada editatuta dugun edukiarekin, baina ez dugu kontzeptu nostalgiko bat ezarri nahi izan, zerbait berria nahi dugu». Horregatik, aldizkariko lehen bederatzi zenbakietan aipatutako erreferentziak aurkitu daitezke erakusketan; zehazki, hamabi.

Elementu guztiak aurkezteko metalezko estrukturak erabili ditu Lloydek, hori baita azken urteotan erabili izan dituen lehengaietako bat. Eta aldizkarian parte hartu duten beste artisten elementuak ere bere estilora moldatu dituela esan du Macarrok. «Gela antolatzeko orduan, Hilaryk [Lloyd] gela barruan egon behar zuen, ez zuen lana handik kanpo irudikatzen. Gelan bertan sortutakoa da erakusketa, eskultura bat izango balitz bezala, ia inoiz ez bezalakoa gabekoa», esan du Canicobak. Canicobak esan du Lloydek aldizkariarekin harreman handiena izan duten hamar artistak aukeratu dituela, eta horrez gain, erronka «zaila» izan dela, beste sortzaileen lanak ulertu eta moldatu behar izan dituelako. Macarro: «Elkarrizketa prozesu bat izan da; astean behin elkartzen ginen. Guk aldizkaria izatea nahi genuen, eta hark, berriz, artea izatea; horregatik, erdibideko zerbait sortzea zen helburua, baina betiere Hilaryk [Lloydek] bideratuta».

Lloyd aipatzean, haren bi erakusketa izan dituzte gogoan aldizkariko kideek: «2010ean Londresko Raven Rowen galerian erakusketa itzel bat egin zuen, eta 2011n, Turner sarirako izendapen bat jaso zuen horregatik. Erakusketa horretan, ikus-entzunezko materialak protagonismo handia izan zuen, bideoek gehienbat. 2019an Car Park aurkeztu zuen, Sadie Coles arte galerian. Hartan, metalezko estrukturak erabili zituen lehenengo aldiz. Bi erakusketak funtsezkoak izan dira Hilary [Lloyd] Tabakalerara gonbidatzeko». Bideoak oso garrantzitsuak dira Lloyden lanean, haren artearen oinarri izan ohi dira eta. Telebista zaharrak, paretetan egindako proiekzioak, pantaila txikiak... denetarik erabili izan du artistak. Pantailen barruko edukia askotarikoa da: bideo luzeak, desfokuratutako irudiak eta kolorez betetako eszenak ikusi daitezke, adibidez. «Gure erakusketan hamaika bideo daude ikusgai, hainbat formatutan. Horrez gain, soinua ere garrantzitsua da. Hiru pista ditugu, hainbat sistemarekin anplifikatuak», azaldu du Macarrok.

Sortzaileen biltoki

Sortzaileen elkargune bat da Many of Them, aldizkariko bi editoreentzat. Hainbat hizkuntza, herrialde, diziplina eta estilotako artistak elkartzea lortu dute azken hamasei urteetan. «Arraroa» izan arren hainbeste denboraz soilik bederatzi zenbaki kaleratzea, Canicobaren ustez. Artista askoren lana bildu du aldizkariak aurreko bederatzi zenbakietan, eta horrek «sormen berezia» ematen dio, Macarroren ustez; haren hitzetan, ez da halakorik aurkitzen gaur egungo hedabide askotan. Eta, hain zuzen, aurrez Lloydekin kolaboratzeko modua ere eman die agerkariak: zehazki, aldizkariaren zortzigarren eta bederatzigarren zenbakietan aritu ziren elkarrekin. «Guretzat, Hilary [Lloyd] artista handi bat da. Eskuzabaltasuna eta desira ditu oinarri bizitzan, eta lanean ere bai», azaldu du Macarrok.

Tabakalerak 2024an aurkeztu duen lehenengo erakusketa da Many of Them aldizkariarena, eta Clara Montero Tabakalerako zuzendariak argi du arrazoi ugari daudela Donostian sortutako aldizkari horri halako aukera bat emateko: «Gure inguruko proiektu editorialik berezienetakoa da, eta, dudarik gabe, internazionalena. Beste sormen proiektuekin elkarrizketan dihardu etengabe».

Bestalde, bi bisita antolatu ditu Tabakalerak, erakusketa editoreekin ikusi ahal izateko. Lehenengoa otsailaren 8an izan zen, eta hurrengoa martxoaren 14an izango da. Azken bisitaren biharamunean, hau da, martxoaren 15ean, aldizkariaren hamargarren zenbakia aurkeztuko dute Many of Them-eko bi kideek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.