Zinema. Estreinaldiak

Alemania, turkiarren begietatik

Bi kulturen arteko harremanari begirada umoretsua eman dio Yasemin Samderelik 'Almanya' filmean

Almanya filmeko irudia. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Azken urteotan Fatih Akin zuzendaria izan da Turkia eta Alemaniaren arteko harreman kultural eta soziala hobekien islatu duen zuzendaria. Izan ere, duten kalitate zinematografikoaz landa, Gegen die Wand edota Auf der anderen Seite filmek balio izan dute jatorri turkiarra duten Alemaniako biztanleen errealitatea hobekiago ezagutzeko.

Lehen begiratuan, zaku berean sartzen ahalko zen Almanya. Willkommen in Deutschland pelikula, Yasemin Samdereli zuzendaria zein Nesrin Samdereli gidoilaria jatorri turkiarra duten alemaniarrak baitira. Baina pelikula horrek beste ikuspuntu batetik landu nahi izan du bi kulturen arteko erlazioa.

Neurri batean, autobiografikoa da Almanya, zuzendariak eta gidoilariak haurtzaroan bizi zituzten hainbat pasarte jaso dituzte pelikulan. Baina alderdi errealista horrekin batera, filmak alderdi fantastiko bat ere badu, alegiazko Turkia bat asmatuko du pertsonaietako batek haien jatorria txikienei azaltzeko. Horrekin batera, Charles Chaplinek The Great Dictator-en egin zuen antzera, hizkera propio bat asmatzen ausartu da zuzendaria.

Huseyin Yilmazek 45 urte eman ditu Alemanian, «langile gonbidatu» gisa. Erretiroa hartuta, albiste harrigarri bat emanen dio bere familia handiari: etxe bat erosi du Turkian, eta denek hara joatea da bere asmoa. Gainerako kideek ezin dute sinetsi entzuten ari direna, inork ez du Turkiara itzultzeko asmorik. Horrez gain, Huseyinen bilobetako batek haurdun dagoela aitortuko die; inork ezagutzen ez duen ingeles bat da aita.

Samderelliren lehen film luzea da honako hau, eta izugarrizko arrakasta izan du Alemanian, iaz gehien ikusitako pelikulen artean egoteraino.

'ALMANYA. WILLKOMMEN IN DEUTSCHLAND'.

Zuzendaria: Yasemin Samdereli.

Aktoreak: Fahri Ogun Yardim, Demet Gul, Vedat Erincin, Lilay Huser, Denis Moschitto, Petra Schmidt-Schaller.

Herrialdea: Alemania.

Urtea: 2011.

Iraupena: 97 minutu.

Estreinaldiak:Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.