Errioxako Gobernuko ordezkaritzak azaldu duenez, istripua 17:30ak aldera izan zen, igandean, Fuenmayor herrian (Errioxa, Espainia), Logroñorako bidean. Errepidetik atera zen Angulok gidatzen zuen autoa. Bendita Calamidad pelikularen filmaketara zihoan, Zaragozara; haren heriotza dela eta, eten egin dute filmaketa.
Alex Angulok (Erandio, Bizkaia, 1953) irakasle ikasketak egin zituen, eta urtebetez horretan aritu zen, baina antzerkian murgildu zen ondoren —Ramon Barea izan zuen lagun, beste zenbaiten artean— . 1981ean zinemara egin zuen saltoa, Imanol Uriberen La fuga de Segovia filmean parte hartuta.
Geroztik, ibilbide luzea egin zuen zineman, eta, besteak beste, film hauetan parte hartu zuen: El amor de ahora (1987), Tu novia está loca (1988), Todo por la pasta (1990), El rey pasmado (1991), Acción mutante (1992), Marbella antivicio (1994), El día de la bestia (1995), Así en el cielo como en la tierra (1995), Carne trémula (1997), Muertos de risa (1999), A mi madre le gustan las mujeres (2002), El oro de Moscú (2003), El laberinto del fauno (2006) eta El gran Vázquez (2010).
Telebistan ere hainbat lan egin zituen; ETBn, esaterako, Con los pies en el agua, Bertan Zoro eta Detrás del Sirimiri saioetan aritu zen.
Goya sarietarako hiru aldiz izan zen hautagai, eta Donostiako 58. Zinemaldian Zinemiran saritu zuten. Bideoan, Zinemira saria jasotzen (BerriaTB).
[Youtube]http://youtu.be/VzVwuzElKFU[/YouTube]
Jaurlaritzaren mezua
Eusko Jaurlaritza "atsekabeturik" agertu da Anguloren heriotza dela eta. Ohar baten bidez nabarmendu du "euskal zinema eta antzerkigintzan garrantzi handia" izan zuela, eta "galera izugarria" dela kulturzale guztientzat. "Ezin da zalantzan ipini pertsona bezala zuen kalitatea, ezta aktore gisa agertu izan zituen sakontasuna eta moldagarritasuna ere".